BUELTATU

PROIEKTUAK

Gehieneko efizientzia, aktiboen mantentze-lanetan

Mantentze-lanak optimizatzeko eta planifikatzeko tresnak garatu ditu IK4-TEKNIKERek

Sisteplant enpresarekin batera diseinatu duen soluzioak mantentze-lanetako aukerak alderatzea ahalbidetzen du, egokiena eta errentagarriena hautatzeko.

Industria-arloko ekoizpen, eskuragarritasun eta segurtasun-premia berriak direla-eta, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko soluzio berriak bilatzen dituzte enpresek; bereziki, mantentze-lanen eta eragiketen eremuan.

Balioesten denez, industria-arloko enpresek guztizko salmenten %4 eta 8 artean gastatzen dute mantentze-lanak egiten. Kopuru handia da hori, eta, horrenbestez, teknika berri efizienteagoak esploratzen hasi da sektorea.

Efizientziaren eta lehiakortasunaren bilaketa horretan, enpresek nahiago dute mantentze-lan prebentiboen eta prediktiboen alde egin, ohiko jokaera zuzentzaileen alde egin baino, emaitzak maximizatze eta gastuak murrizte aldera.

Testuinguru horretan, mantentze-lanetarako eta eragiketetarako estrategia onenaren bila dabiltzala bezeroek dauzkaten premiei eta xedeei egokitzen zaizkien hainbat tresna malgu garatu ditu IK4-TEKNIKERek Sisteplant ingeniaritza-enpresarekin batera (hainbat sektoretarako ekoizpen, logistika eta antolaketa-prozesuak optimizatzea da Sisteplant enpresaren jarduera nagusia), errentagarritasun ekonomikoaren ikuspegitik abiatuta beti.

Zehazki, software-tresna batek mantentze-lanetarako hainbat estrategia posible alderatzen ditu (plangintza eta optimizazioa, aktiboen ustiapenaren maila estrategikoan), egokiena hautatu eta, horrela, kostuak optimizatzeko.

Bestalde, mantentze-lanak eta ordezko piezen kudeaketa optimizatzeko tresnak eta algoritmoak garatu dituzte. Aktiboen arrisku-faktoreak kalkulatzen, ordezko piezak optimizatzen, material-stockak kalkulatzen eta, azkenik, mantentze-lanei buruzko planen atazak eta gamak irizpide anitzekin optimizatzen laguntzen duten algoritmoak dira.

Hala, mantentze-lanetako estrategiak alderatzeko modulu berri bat garatu du IK4-TEKNIKERek, Sisteplant enpresaren mantentze-lanak kudeatzeko soluzioarekin integratua, bai mantentze-lanak maila estrategikoan planifikatzeko, bai mantentze-lanak nahiz ordezko piezen kudeaketa optimizatuko dituzten tresnak garatzeko.

Asset Management Solutions

IK4-TEKNIKERen Asset Management Solutions izeneko soluzioan daude oinarrituta tresna horiek; zehazki, fidagarritasun, estrategia eta plangintzaren atalean, enpresa bakoitzaren premiak pertsonalizatzea ahalbidetzen baitu, hobekuntza-beharrak eta xede espezifikoak zehazteari begira.