BUELTATU

ELKARRIZKETA

Teknologia eta osasun adituen arteko elkarlana, funtsezkoa medikuntzan aurrera egiteko

María Pascual de Zulueta,
Basque Health Clusterreko zuzendaria

Basque Health Cluster (Osasun Enpresen Euskal Elkartea) izeneko elkarteak Herri Administrazioekin edo biozientziak eta osasunaren alorreko beste elkarteekin elkarlanean aritzean bazkideen interes komunak koordinatzea, kudeatzea, defendatzea eta horien ordezkari izatea du xede; eta, horrez gain, bazkideak eta, oro har, osasunaren alorreko Euskadiko zientzia eta teknologien alorra garatzen, zabaltzen eta nazioartekotzen laguntzen du. María Pascual de Zulueta, Basque Health Clusterreko zuzendaria, Euskadin sektoreak izan duen aurrerakadari buruz mintzatu da.

1.- Azken urteotan bioteknologiaren alorra nabarmen aldatu da. Zein da Euskadin bizi den egoera alor horretan?

Azken hiru hamarkadetan, bizitza-zientzien alorrean egondako aurrerapen zientifikoak iraultzaileak izan dira. Horietako asko teknologia instrumentalaren garapenari esker gertatu dira, eta, duela gutxi, kalkuluak egiteko ahalmenaren eta informatikako softwarearen garapenari esker, horrek datu kopuru handia aztertzea eta erabiltzea ahalbidetzen baitigu.

Euskadin ikertzaile aditu ugari dauzkagu, eta gure unibertsitate, zentro teknologiko, elkarlaneko ikerketa-zentro eta osasunaren alorreko ikerketa-zentroetan abangoardiako azpiegitura eta ekipamenduak daude. Zientzia egokia sortzen dugu.

Enpresei dagokienez, sektore gaztea gara: enpresen %60k oraindik 10 urte baino gutxiago dute, eta 200 enpresa inguru bakarrik daude. Oinarri sendo eta egokia daukagu bio-osasunaren alorrean enpresa berriak sortzeko, bai eta finantzaketa zein laguntza zientifiko-teknologikoko baliabide egokiak dituzten eskualdeen bila dabiltzan enpresa-ekimenak erakartzeko ere. Sektorea babesteko politiken emaitzak ikusten ari gara.

2.- Biozientzien eta osasunaren industriak talentua erakarri, finantzaketa hobetu eta nazioartekotu nahi du. Zer neurri hartu dira horretarako?

Euskadin baditugu biozientzien eta bioingeniaritzen alorretan prestakuntza egokia duten profesionalak. Zientzialariak eta ingeniariak ez ezik, profesional bikainak daude lanbide-heziketako (LH) zentroetan.

Egia da sektore hau oso azkar aldatzen dela, eta etengabe ari behar garela ikasten. Enpresek langile kualifikatuak kontratatzen dituzte, sarritan beren doktorego-tesia industriaren laguntzarekin egin dutenak.

Finantzaketa jasotzeko zailtasunak produktuen balidazioa edo saiakuntza klinikoak egin behar ditugunean kaltetzen gaitu bereziki.

Osasunaren alorreko araudiak oso zorrotzak dira, eta, horien arabera, produktuen segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko baliagarriak diren probak egin behar dira. Eskakizun horiekin betetzeko, enpresek kostu handiari egin behar diote aurre. Klinika aurreko probak eta proba klinikoak egiteko denbora luzea behar da. Hori dela eta, finantzaketa egokia izatea ezinbestekoa da.

Osasunaren arloko enpresa-kudeaketako eta merkatuko adituen laguntza izatea funtsezkoa da, finantzaketarekin laguntzeko. Clusterretik inbertitzaileen eta enpresen arteko topaketa sustatzen ari gara. Iaz inbertsio foroa antolatu genuen, eta harrera bikaina izan zuen, bai finantzaketa bila zebiltzan enpresen bai proiektu interesgarriak bilatzen ari ziren inbertitzaileen aldetik. Aurten berriro bultzatuko dugu foro hori.

Bukatzeko, aintzat hartu behar da sektorearen proiekzioa nazioartean, bai ezagutzak sortzean bai produktu berriak garatu eta merkaturatzean. Gure kolaboratzaile, hornitzaile, bezero, inbertitzaile eta lehiakideak munduko edozein tokitan egon daitezke, eta horiek ondo ezagutzea erabakigarria izan daiteke gure proiektuek arrakasta izateko.

Clusterrak nazioartean egiten diren azoka nagusietan parte hartzen du, gure enpresei laguntzeko, eta ikusgarri egiteko, nazioarteko merkatuetara zabaltzen haste aldera. Horrez gain, mugaz haraindiko kolaborazioak sustatzen ditugu, “Topaketa Industrialak. Bio-Osasuna. Akitania Berria/Euskadi/Nafarroa” izenekoen bitartez, GIPSO eta TIC Santé klusterretako bazkideekin, Nafarroako enpresekin eta Euskampusen (Bordeleko Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea) laguntzarekin.

3.- Zein dira Euskadin alor bioteknologikoa eta osasunaren arlorako gailuen garapena indarrez hazteko oztopoak?

Oztopo nagusia, ekonomikoa da. Medikuntzarako gailuak garatzea, oro har, medikamentuak garatzea baino merkeagoa eta azkarragoa da, baina seguruak eta eraginkorrak direla frogatu behar da; bide horretan, arauak oso zorrotzak dira, eta prozesu luze eta garestia da.

Produktuak garatzeko, ezinbestekoa da osasun sistemekin modu egonkorrean lan egitea, bai publikoekin bai pribatuekin. Euskadin, neurri handi batean, kolaborazio publiko-pribatuaren eta osasun sistema publikoaren artean eraikitzen dugun elkarlanaren arabera egingo du aurrera sektoreak.

4.- Basque Health Clusterrak kolaborazio publiko-pribatua sustatu nahi du. Zentzu horretan, zein da Manufacturing-aren arloan espezializatuta dauden ikerketa-zentroen ekarpena sektorean, adibidez, Teknikerrena?

Euskadin zientzia eta teknologietako agenteen sistema aberatsa daukagu, eta prest daude enpresei garapen berrietan laguntzeko. Esango nuke ezagutzak sortzen eta aplikazioak garatzen dituzten zentroekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela edozein arlotan, gurean ere bai.

Medikuntzako gailuen sektoreak hainbat diziplina zientifiko eta teknologikoren ezagutzak behar ditu, eta horrek elkarlana eskatzen du. Produktu berri asko jakintza-esparru desberdinek beren artean ezagutzak partekatzeari esker sortzen dira. Zientzia, teknologia eta berrikuntzako agente bikainen sarea daukagu, eta lan handia dute oraindik aurretik. Nire ustez, agente horiek gure enpresetako I+G+b unitatea bezala funtzionatzen dute; produktu berriak garatzen laguntzen diete, enpresen posizioa hobetu eta nazioartean lehiakorragoak izan daitezen.

Teknikerrek gaitasun zientifiko-teknologiko handia dauka, eta esperientzia zabala ere bai, bio-osasunaren arloko gailuen garapenean; hori dela eta, alor horretako enpresentzat oso garrantzitsua da harekin elkarlanean aritzea, medikuntzako gailuak eta osasunaren arloko produktuak garatzeko.

5.- Medikuntzako gailuen aurrerapen teknologikoek nabarmen hobetzen dute osasunaren arloa. Nola ikusten duzu sektore hori Euskadin epe laburrera?

Euskadin, munduko beste eskualde batzuetan bezala, osasun-sistema garai berrietara egokitzeko erronkari egin behar diogu aurre. Medikamentu berriak eta aurrerapen teknologikoak txertatu behar ditugu zentzuzko kostu baten truke. Osasun sistema unibertsala mantendu nahi badugu, epe ertainean arreta eraginkorra emango duena, medikamentuak/terapiak eta produktu sanitarioak erosteko eredu berriak ezarri behar ditugu, pazientearentzako onuretan eta/edo sortutako ekonomian oinarrituta.

Halaber, erronka handia da guretzat euskal biztanleen adina eta bizi-luzetasuna, izan ere, osasunaren arloko produktu eta zerbitzuen eskaria handia da; eta gu gai izan behar gara horiek zuzen kudeatzeko, zahartze osasuntsua bermatze aldera.