BUELTATU

PROIEKTUAK

Gailu eramangarria berehalako erditze goiztiarrak diagnostikatzeko

Teknikerrek gailu bat optimizatu du erditze goiztiarra gertatzeko arriskua diagnostikatzeko

Zentro teknologikoa Innitius enpresarekin ari da elkarlanean tortsio-uhinetan oinarritutako gailu baten prototipo funtzionala garatzeko. Horri esker, berehalako erditze goiztiarra izateko arriskua diagnostikatu daiteke eta, beraz, ez da ospitalera joango osasuntsu dagoen pazienterik.

Erditze goiztiarrak dira bost urtetik beherako umeen heriotzaren kausa nagusia. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, 2017an 2,5 milioi adingabeko hil ziren horregatik, 1990ean baino %40 gehiago.

Zenbateko horiek 2030. urtera begira OME eta NBEren helburuetara egokitzeko, hots, jaioberrien heriotza-tasa %1,2ra jaisteko eta 5 urtetik beherakoena %2,5era, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker zentro teknologikoa lanean ari da tortsio-uhinetan oinarritutako gailua sortzeko. Innitius enpresak diseinatu du tokologoen arazo nagusietako bati aurre egiteko helburuarekin: garai aurretik erditzeko mehatxua. Garai aurretik erditzeko mehatxuak oso ohikoak dira: berehala erditzeko sintomak izanik ospitaleratzen diren pazienteen %85ek “mehatxu faltsuak” izenekoak dituzte.

Orain arte, garai aurreko erditzearen mehatxu faltsuak diagnostikatzeko, fibronektina eta PAMG-1 testak erabili dira, baina positibo faltsuak oso ohikoak dira (%70etik gora). Tresna berri honekin, beharrezkoak ez diren ospitaleratzeak murriztuko dira, egun oso ugariak baitira osasun-sistemetan (eta beharrezkoak ez diren gastuak sortzen dituzte), eta familiengan ere eragina baitute.

Tekniker “Fine Birth” izeneko prototipoarekin ari da lanean; Innitius enpresak diseinatu zuen Granadako unibertsitatearen eta Andaluziako Osasun Sistemaren laguntzarekin.

Fine Birth gailuak tortsio-uhinetan oinarritutako teknologia darabil, haurdunaldian umetokiaren ehunaren zurruntasunean dauden aldaketak behatzeko. Horri, hainbat aldagai konbinatzen dituen algoritmo bati eta adimen artifizialeko tresnei esker, jakin daiteke haurdun dagoen emakume batek testa egin eta hurrengo zazpi egunetan zer nolako arriskua duen erditze goiztiarra izateko. Gainera, Innitius enpresako lantaldea lanean hasi da beste aplikazio batzuk garatzeko, hala nola, umetoki-lepoaren inkonpetentzia diagnostikatzeko, erditzearen indukzio-prozesua ebaluatzeko edo in vitro ernalketa prozesua optimizatzeko.

Teknikerren helburua da gailua optimizatu eta hobetzea, eta hura egokitzea azterketa klinikoak egiteko. Azterketa horiek nahitaez egin behar dira, teknologia eta segurtasuna egiaztatzeko, gailua merkaturatu baino lehen.

Zehazki, zentro teknologikoak bagina barruko zundaren eta gailuaren irakurgailuaren garapen teknologikoan laguntzen du.

Tekniker espezializatuta dago diseinurako eta garapen mekanikorako teknologietan, diseinu eta garapen elektriko-elektronikoan, prototipoen diseinuan, horien fabrikazioan eta martxan jartzean; horri guztiari esker, posible da zundarekin dauden arazoak konpontzea, eta egun dugun prototipoa merkatuan saltzeko prest dagoenproduktu sanitario bihurtzea.

Lehen kasuan, zentroa motor berria prestatzen ari da igorlerako, fidagarriagoa izango dena eta seinale egokiak emango dituena; halaber, mintz esterilen erabilera eta finkatzea hobetzen saiatzen, materia berriak saiatzen eta igorlearen zentraketarako metodo hobetua diseinatzen ari da, besteak beste.

Irakurgailuari dagokionez, Teknikerrek baterien bidezko elikatze-sistema integratuko du, eta beharrezkoa den miniaturizazio elektronikoa bideratuko du gailu eramangarri autonomoa diseinatzeko, “point of care” erakoa.

Horrez gain, hobetutako gailua eskalagarria izan behar da, industria-ekoizpena errazteko, zundaren muntaketa erraza izan behar da, eta produktu sanitarioen eskakizun berriak bete behar ditu, funtzionamendua kaltetu gabe. Gailu berriak 2020ko udan egongo dira prest.