BUELTATU

PROIEKTUAK

Polipoak detektatzeko gailu berritzailea

Tekniker endoskopioetan integratu daitekeen prototipoa garatzen laguntzen ari da

Zentro teknologikoa Universitat Pompeu Fabra unibertsitatearekin eta MiWEndo Solutions enpresarekin elkarlanean ari da gailu mediko berri baten prototipo funtzionala garatzeko. Gailu horrek endoskopioen sistema optikoak osatuko ditu, mikrouhinen metodo berritzailearen bidez; horri esker, proba diagnostiko horiek arrakasta handiagoarekin egingo dira.

Espainian, kolon eta ondesteko minbizia da gehien diagnostikatu den minbizia: 2017an, 34.300 pertsona baino gehiagori diagnostikatu zitzaien gaixotasun hori, hau da, minbizia diagnostiko guztien %15, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen Behatokiaren arabera. Egun, gaixotasuna detektatzeko modurik eraginkorrena kolonoskopia da, baina proba horretan ez da beti ikusten, eta polipoen %22 ez da detektatzen.

Proba diagnostiko horren eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker Bartzelonako Universitat Pompeu Fabra unibertsitatearekin eta MiWEndo Solutions enpresarekin elkarlanean ari da gailu mediko berri baten prototipo funtzionala garatzeko; gailu hori gai izango da kolonean polipoak detektatzeko, mikrouhinetan oinarritutako teknika berritzaileari esker.

Proiektuaren helburua da ohiko endoskopietan mikrouhin-irudiak integratzea, proba diagnostikoak arrakasta handiagoarekin egiteko. Integrazio hori antena aplikagailu baten bidez egingo da, espresuki diseinatu dena mikrouhinek endoskopioaren muturrean dagoen bisualizazio optikoko sistema ez kaltetzeko, pazientearen segurtasuna bermatzeko eta endoskopioa darabilen adituak erosotasunez erabiltzeko. Aplikagailu hori kanpoko unitate batera konektatuta egongo da, kable ardazkide baten eta seinale-kable baten bitartez. Kanpo unitateak kontrol-seinaleak eta mikrouhinak sortuko ditu, antena elikatzeko eta kommutatzeko, eta azterketaren emaitzak erakutsiko ditu.

Tekniker, zehazki, mikrouhinen bitartez detektatzeko sistemak duen estalkia edo bilgarria garatzeaz arduratu da, edozein endoskopiori akoplatu eta modu seguruan finkatuta utzi ahal izateko, eta, horrenbestez, detekzio bisuala egiteko ahalmena hobetzen laguntzeko. Gailuaren funtzionalitatea eta operatibitatea bermatzeko, material biobateragarriekin fabrikatu behar da, eta estankotasun baldintza bikainak eskaini behar ditu, koloneko fluidoak filtratu eta barruko osagaietara heldu ez daitezen.

Teknikerrek, lehenik, MiWEndo Solutions enpresak ezarritako baldintza teknikoak hartu ditu kontuan lehen prototipoak garatzeko eta laborategian probak egiteko.

Modelo horiekin probak egin eta gero, euskal zentro teknologikoak prototipo funtzionala diseinatuko du MiWEndo Solutions enpresarentzat, klinika aurreko fasean lehen probak egin ditzan. Proba horien emaitzak ikusita, beharrezkoak diren hobekuntzak egingo dira azken prototipoa diseinatzeko.

Tekniker aditua da prototipoa diseinatzeko eta garatzeko teknologietan, kontzeptuaren optimizazioan, fabrikazioan, martxan jartzean eta balidazioan; horri esker, posible da honelako soluzio integralak garatzea.