BUELTATU

PROIEKTUAK

Gailu berria ostomizatutako pazienteen artean herniak prebenitzeko

Teknikerrek diseinatu, fabrikatu eta muntatu du produktua bere instalazioetan

Zentro Teknologikoa 12 de Octubre Ospitaleko Ikerketa Biomedikorako fundazioarekin elkarlanean ari da ostomiako finkagailu bat garatzeko; horrekin, pazienteen bizi-kalitatea hobetu eta estomako herniak saihestu nahi dira.

Espainian 70.000 paziente inguru dago ostomizatuta, hau da, gaixotasun baten ondorioz, kolon eta ondesteko minbizia kasu, kirurgia-operazioa behar izan dute kanpoko poltsa bat konektatzeko. Poltsa horretan, hodi baten bidez, gernua eta eginkariak pilatzen dira. Ez dira datu ofizialak, baina hala dago jasota Ostomiaren Liburu Zurian (1).

Ostomiak nabarmen aldatzen du pazientearen bizitza, zaintza espezializatuak behar baititu, eta bestelako ondorioak izan baititzake, hala nola, estomako herniak; sabelaldean gerta daitezkeen lesioak dira, zehazki, ebakidura egin den aldean. Izatez, ostomiak estomako hernia eragiten die pazienteen %50i, eta, horien %10-15ak ebakuntza berria egiten du arazoa konpontzeko.

Ostomizatutako pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko eta horrelako lesioak saihesteko helburuarekin, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide Teknikerrek Madrilgo 12 de Octubre Ospitaleko Ikerketa Biomedikorako fundazioarekin lan egin du ostomiako finkagailua diseinatzeko eta, horri esker, estomako herniak prebenitzeko.

Soluzio honek oinarri bat dauka, sabelaldearen eusten dena, estomaren edo ebakiduraren bi alboetan, eta forma anatomikoko ezkutu edo babesgarri bat, pazienteak erraz maneiatzeko modukoa. Diseinua patentatzeko bidean dago. Halaber, finkatzeko banda bat erabiltzen da, gailua estomaren aldean jarri ahal izateko.

Proiektu honen baitan, Teknikerrek produktuaren diseinua egokitzeko eta optimizatzeko hainbat proposamen egin ditu, espezializatuta baitago zehaztasun handiko ekipamenduen diseinuan, garapenean eta fabrikazioan.

Gainera, material funtzional eta biobateragarriak erabili dira piezak fabrikatzeko. Bestalde, gailua osatzen duten piezak produktuan oinarritutako ekonomiako parametroen arabera eta modu errentagarrian fabrikatu daitezke, eta gerora industrializatu ahal izango dira.

Lehen fasean, zentro teknologikoak gailuak bete beharreko funtzioak, produktuaren ergonomia, materialen erabilera eta pieza eskalagarriak erabiltzeko aukera aztertu ditu, ekoizpen industrialera begira.

Bigarren fasean, material egokienak aukeratu, gailuaren xehetasunak diseinatu eta ekoizteko modua zehaztu dira. Teknikerrek prototipoak muntatu ditu haiek baliozkotzeko. Lan hori 12 de Octubre Ospitaleko Ikerketa Biomedikorako fundazioak egingo du pazienteekin.

Proiektuaren azken fasean, bideragarritasun industrialari buruzko txostena prestatuko da. Hala, fabrikatu beharreko ale kopuruaren arabera aukeratuko dira prozesu industrial egokienak eta hornitzaile potentzialak.


(1) Jasotako datu guztiak Ostomiaren Liburu Zuritik datoz.