BUELTATU

ELKARRIZKETA

"IK4-TEKNIKER zentroak bere esperientzia eta ezagutza eman dizkigu"

Elkarrizketa Jorge Martínez Toral Endesako diesel motorren koordinatzaileari

Jorge Martínez Toral Endesako diesel motorren koordinatzailea

Jorge Martínez Toral, Endesa energia-konpainia erraldoiko diesel motorren koordinatzailea, aditua da industriarako lubrifikazio-sistema berrien aplikazioan. Oso ondo ezagutzen du arloa, eta IK4-TEKNIKER zentroko espezialistekin lanean aritu da, bere enpresarako sistema berriak aplikatzeko. Haren iritziz, teknologia-zentroaren parte-hartzea "funtsezkoa" izan da.

1.- Endesa enpresa aitzindaria izan da lubrifikazioaren kudeaketa integraleko planak martxan jartzen. Kostuak aurrezteaz eta bizitza baliagarri luzeagoa emateaz gain, zer onura ditu makineriarentzat?

Kudeaketa-programa horiek martxan jartzeak aukera ematen du makineriaren erabilgarritasuna eta fidagarritasuna handitzeko; bi horiek funtsezko alderdiak dira gure negozioan eta antzekoetan, eta eragina dute epe laburreko nahiz luzeko diru-sarreretan. Baina ez dut ahaztu nahi programa horiek ezartzean kontuan hartzen ez den beste onura bat: kontsumoa optimizatzeagatiko lubrifikatzaile-kostuen murrizketa, hain zuzen ere.

2.- Endesaren kasua salbuespena al da industriaren eremuan? Espainiako industrian zer egoera du lubrifikazioaren kudeaketak Europako industriakoarekin alderatuta, eta zenbateraino hobetzeko tartea du?

Uste dut lubrifikazio-prozesuak hobetzeko premiaz kontzientziatu dela jendea azken urte hauetan Espainiako industriaren eremuan. Lubrifikazioa beti izan da gure instalazioetako anaia pobrea, erregaiaren kudeaketarekin alderatuta, eskatzen zuen arreta eskaini ez zaiona. Ez dut uste Endesa salbuespena denik programa horien ezarpenean.

Lubrifikazioaren kudeaketa teknikoaren egoera asko hobetu da Espainian azken urte hauetan, baina, zalantzarik gabe, hobetzeko asko dago oraindik. Kudeaketa-sistema horiek ezartzea da etaparik zailena, eta instalazioko langileen lan egiteko modua aldatzea eskatzen du. Lubrifikazioa gutxi batzuen arazoa soilik ez dela ulertzea ez da beti erraza izaten.

3.- Endesak IK4-TEKNIKER zentroaren laguntza izan du lubrifikazioa kudeatzeko. Zer ekarpen egiten du teknologia-zentroak enpresek lubrifikazioko jardunbide egokiak hartzeko orduan?

IK4-TEKNIKER zentroaren parte-hartzea funtsezkoa izan da. Gure lantaldeak oso mugatuak dira, eta ez ditugu langile espezializatuak diziplina guztietan. IK4-TEKNIKER zentroak bere esperientzia eta ezagutza eman dizkigu lubrifikazioaren arloan, zeinak kontrolatu beharreko hainbat alderdi hartzen baititu barnean. IK4-TEKNIKER zentroak zenbait lan-eredu eman dizkigu, lubrifikatzailea biltegiratzea, lubrifikatzailearen kutsadura kontrolatzea edo lubrifikatzailea makinara behar bezala transferitzea kudeatzeko aukera ematen digutenak.

4.- Zein izan da langileen prestakuntzaren garrantzia enpresan lubrifikazioa ondo kudeatu ahal izateko?

Ezinbestekoa da langileak prestatzea lubrifikazioaren kudeaketa tekniko ona egin ahal izateko. Aldaketa sakona gertatu da lubrifikazioari tradizioz eman izan zaion ikuspegian. Behar bezala lubrifikatu ahal izateko, zorrotz kontrolatu behar dira lubrifikazio-katea deituko geniokeen hori osatzen duten alderdi guztiak.

5.- Industria txiki eta ertainek ere ezar al ditzakete lubrifikazioa kudeatzeko metodo berriak konpainia handiek egiten duten bezala?

Jakina. Kudeaketa teknikoko programa neurrira egindako jantzi bat bezala diseina daiteke enpresaren ezaugarrien arabera. Nolanahi ere, lan-metodoak ez daude enpresaren tamainaren mende eta ez dute aldatu behar.