BUELTATU

ALBISTEAK

"Beso giltzatuen kalibrazioa", handituz doan eskaerari emandako erantzun berritzailea

Beso giltzatuen kalibrazio-zerbitzuaren bidez, aurretiaz zehaztu daitezke erreminten neurketa-akatsak

Neurketarako beso giltzatuak kalibratzeko zerbitzu berriaren bidez, erreminten neurketa-akatsak jakin daitezke, eta hori baliagarria da 3Dn neurketak egiteko beso giltzatuak erabiltzen dituzten enpresentzat.

IK4-TEKNIKERen Metrologia Unitateak zerbitzu berritzaile bat jarri du martxan, enpresen industria-prozesuetan beso giltzatuak modu masiboan sartu izanak ekarri duen eskaera bati erantzuteko: "beso giltzatuen kalibrazioa".

Enpresetan 3Dn neurketak egiteko beso giltzatuak asko erabili arren, ekipo horien erabiltzaileek ez dituzte izaten laborategi egiaztatuak gailuen kalibrazio-beharrei erantzuteko, eta hutsune hori betetzen du IK4-TEKNIKERen zerbitzu berriak.

Egiaztatze Erakunde Nazionalak (ENAC) homologatu du zerbitzu berria, eta,. haren bidez, enpresek aurretiaz jakin ahal izango dituzte beren erremintek dituzten neurketa-akatsak, eta, hala, eraginkortasuna hobetu eta kostuak gutxitu ahal izango dituzte.

Batez ere, fabrikazio mekanikoaren sektorera zuzenduta dago zerbitzua. Hala eta guztiz ere, 3Dn neurketak egiteko beso giltzatuak erabiltzen dituzten beste sektore batzuetako enpresek ere erabil dezakete, beren jarduerari balioa emateko.

Kalibrazio egiaztatuaren beharrak betetzeko aukera ematen die zerbitzu berriak erabiltzaileei, ekipoen egoera zehatza zein den jakiteko eta, horrez gainera, araudietan ezarritako baldintzak bete ahal izateko.

Zerbitzu berria IK4-TEKNIKERen instalazioetan edo bezeroaren egoitzan eskainiko da, eta, besteak beste, ondo kalibratuko dira bezeroaren neurketa-ekipo giltzatu guztiak. Horri esker, kalitate-ikuskaritzetan ezarritako betebeharrei erantzun ahal izango diete enpresek.