BUELTATU

ALBISTEAK

"Engranajeen neurketa", industriari balioa emateko berrikuntza bat

IK4-TEKNIKERek engranajeak neurtzeko zerbitzu berezi bat sortu du, industria-arloko engranaje-fabrikatzaile eta -erabiltzaileei zuzendua

Zerbitzu berriaren bidez, zehatz-mehatz neurtzen dira engranajeak, eta behar diren parametroak lortzen dira. Hala, engranajeetan akatsik eta posizionamendu okerrik ez dagoela ziurtatzen da.

IK4-TEKNIKERen Metrologia Unitateak bere zerbitzuak birdiseinatu ditu, eta horrela sortu da engranajeak neurtzeko zerbitzu berezia, industria-arloko engranaje-fabrikatzaile eta -erabiltzaileei berariaz zuzendua.

Zerbitzu berriaren bidez, zehatz-mehatz neurtzen dira hortz zuzen edo helikoidaleko engranajeak, eta parametro guztiak lortzen dira, engranajeak doitasun-baldintza guztiak betetzen dituen jakiteko eta, hala, ondo funtzionatzen duela bermatzeko. Beraz, zerbitzu berriaren bidez, ziurtatzen da engranajeak ez duela akatsik eta posizionamendu okerrik, eta, horri esker, albo batean uzten dira doitasun-gabeziek sortutako kostuak.

Merkatuak, nahitaez, gero eta prestazio hobeak eskatzen ditu engranaje bidezko transmisioetarako: abiadura handiagoa, zarata gutxiago, fidagarritasun handiagoa, etab. Hori dela eta, doitasun-maila handiagoko engranajeak fabrikatu behar dira. Osagai bakoitza egiaztatuz, fabrikatzaileak ziur jakin dezake bete beharreko doitasun-baldintza guztiak betetzen dituela, eta, aldi berean, erabiltzaileak ez du arazorik izango engranaje horiek funtzionatzen hasitakoan.

Zentro teknologikoko zerbitzu metrologikoek egiaztatze-zerbitzu espezializatu eta berritzaile hori jarri dute martxan, industria-makineria erabiltzen duten enpresei gero eta balio handiagoa eman nahian.

IK4-TEKNIKERen Metrologia Unitateak doitasun handiko tresnak ditu. Horri esker, engranajeak neurtzeko zerbitzu berriak doitasun-maila handiagoak eskaintzen dizkie enpresei, bete beharreko baldintzak modu eraginkorrean bete ahal izan ditzaten.