BUELTATU

ALBISTEAK

"Akats bolumetrikoen mapa", kaudimen teknologikoaren bermea duen zerbitzu berria

IK4-TEKNIKERek akats bolumetrikoen mapa zehazteko zerbitzu berri bat sortu du tamaina handiko makinetarako

IK4-TEKNIKERek egiaztapen bolumetrikoaren arloko eskaintza handitu du zerbitzu berri bat martxan jarrita, datuak ematen dituena tamaina handiko makinen portaera ezagutzeko eta, hartara, makina horien diseinua optimizatzeko edo doikuntzak egiteko.

IK4-TEKNIKERen Metrologia Unitateak, industria arloko bezeroen beharrei erantzuteko aukera teknologikoak berritzeaz gainera, "makina-erremintak egiaztatzeko" eskaintza handitu du tamaina handiko makinen arloan, akats bolumetrikoen mapa zehazteko zerbitzu berri bat sortuta.

Zentroaren zerbitzu berri horren bidez, hainbat datu lortzen dira, dimentsio handiko makinen portaera ezagutzeko, eta, hartara, haien diseinua optimizatzeko edo doikuntzak egiteko, mekanikoki edo makinen beren konpentsazio-taulen bidez.

IK4-TEKNIKER egoitza berrira lekualdatu zenean berritu zen zentroaren egiaztapen bolumetrikoko eskaintza, eta ezaguna da estatuko makina-erremintaren sektorean. Zerbitzu berriak kaudimen-bermea ematen dio zentro teknologikoaren zerbitzu metrologikoen eskaintza berriari (beso giltzatuen kalibrazioa, txantiloi ildaskatuen kalibrazioa eta engranajeen neurketa).

Makina-erremintaren ohiko egiaztapen-tekniken bidez, ezin dira modu eraginkorrean zehaztu akatsak gailuaren lan-bolumen osoan. Aldiz, multilaterazio-teknikaren eta laser-tracker neurketa-ekipo baten bidez, IK4-TEKNIKERen zerbitzu berriak aukera ematen du makinaren atal bakoitzean sortutako zuzentasun-, posizionamendu- eta ortogonaltasun-akatsak zehazteko, oso denbora gutxian.

Zerbitzu horri esker, makina-erremintaren arloko fabrikatzaileek beren produktuen diseinua optimiza dezakete. Halaber, zerbitzu egokia da makina-erremintaren erabiltzaileentzat; izan ere, egiaztapen bolumetrikoak emandako informazioaren bidez, makina batek prozesu jakin batekiko duen egokitzapen-maila zehaztu dezakete.