BUELTATU

ALBISTEAK

Eskaintza aitzindaria txantiloi ildaskatuen kalibrazioan

IK4-TEKNIKERek "txantiloi ildaskatuak kalibratzeko" Euskadiko lehenengo zerbitzua jarri du martxan

IK4-TEKNIKERek "txantiloi ildaskatuak kalibratzeko" Euskadiko lehenengo zerbitzua jarri du martxan, tanpoi eta uztai ildaskatuen ENAC kalibrazio egiaztatua egiteko.

IK4-TEKNIKERen Metrologia Unitateak "txantiloi ildaskatuak kalibratzeko" Euskadiko lehenengo zerbitzua jarri du martxan; zerbitzuak ENAC Egiaztatze Erakunde Nazionalaren egiaztapenak ematen ditu. Zentroaren eskaintza teknologiko berri hau lehenengoetakoa da estatuan nahiz Europan. Zerbitzu horren bidez, industria-enpresen beharrei, eta, bereziki, automobilgintza-sektoreari lagundu nahi zaio.

Txantiloi ildaskatuak indarra edo potentzia transmititzeko erabiltzen dira, bereziki automobilgintzan eta aeronautikan, baina baita beste industria batzuetan ere. Pieza horiek egiaztatu egin behar izaten dira, ondo funtzionatzen dutela ziurtatzeko eta tirada handiko prozesuetan akatsik ez izateko.

Txantiloi horiei trazabilitatea emateko, enpresek kalibrazioak egin behar dituzte. Beraz, IK4-TEKNIKERen zerbitzu berriak, ENAC egiaztapena emateaz gainera, beste erakunde batzuen homologazioak ere eskaintzen ditu: British Standards, ISO eta ANSI (American National Standards Institute).

Zerbitzu teknologiko berri honen bidez, berme osoz kalibra daitezke tanpoi eta uztai ildaskatuak. Espainian, orain arte, ez zegoen aukerarik hori egiteko. IK4-TEKNIKERek bere eskaintza teknologikoa eguneratuta mantentzeko eta enpresen beharretara egokitzeko helburuaren barnean kokatzen da ekimen hau.

IK4-TEKNIKEReko ikertzaileek zentroko instalazio berrietan nahiz in situ, bezeroaren egoitzan, eskaintzen dute zerbitzua, eta, dagoeneko, hainbat enpresak —batez ere, automobilgintzakoak— egin dute eskaria.