BUELTATU

ELKARRIZKETA

“IK4-TEKNIKER aberastasun sozialean aurrera egiteko proiektu askoren buru da”

Carlos Ruiz, Kutxa Gizarte Ekintzako zuzendariari elkarrizketa

Kutxak finantzatu duen eta IK4-TEKNIKERek Eureka! Zientzia Museorako diseinatu duen kTBot robotaren aurkezpenean izan zen Kutxa Gizarte Ekintzako zuzendari Carlos Ruiz. Elkarrizketa honetan, proiektuaren jatorria azaltzen du, eta, orobat, Kutxa Gizarte Ekintzak zergatik duen interesa Gipuzkoan robotika sustatzeko.

1.- Eureka!rako robot gidari berriaren aurkezpenarekin, Kutxa Gizarte Ekintzak robotikako ikerketa-proiektu baten alde egin du berriro. Zergatik uste duzue garrantzitsua dela eremu hau?

Robotika industriala behar adina garatuta eta fabrikazio-prozesuei aplikatuta dagoelako enpresetan. Uste dugu robotikaren eta teknologiaren eremu bat aplika daitekeela aniztasun funtzionalaren, mugikortasun funtzionalaren eta pertsonekiko harremanen eremuan. Eta ziur gaude robotika horrek, balio industrial erantsiaz gain, gizarte-balio erantsia eman dezakeela. Hori dela eta, egiaztapen- eta saiakuntza-plataforma gisa ikusten dugu robot hori Eureka! museoan, eta ez hainbeste erabilera zehatz bat duen robot gisa. Hau da, ez da Eureka!k IK4-TEKNIKERi egin dioen enkargu bat, helburu jakin baterako robota izateko. IK4-TEKNIKERen eta Kutxa Gizarte Ekintzaren arteko kolaborazio historikoaren beste urrats bat da.

2.- Nola sortu dira proiektua eta IK4-TEKNIKER bazkide teknologikoarekin lortutako lankidetza robota egiteko?

Duela hamar urte baino gehiagotik dugu harremana IK4-TEKNIKERekin. Mugikortasun-arazoak zituztenentzako gurpil-aurki adimendun baten proiektuan hezurmamitu zen harremana. Aurrerapen handia izan zen proiektu hura, ez mugikortasunari soilik zegokionez, baita pertsonaren harreman-egoerari dagokionez ere. Izan ere, aulkiak aukera ematen dio pertsonari solaskideen begi parean egoteko. Horrez gain, egongortasun- eta mugikortasun-alorrean hainbat egokitzapen ditu. Lankidetza-aukera horrek bidea eman zigun robotikaren erabilera-alor berriak ikertzeko, eremu hauetan, esate baterako: asistentzia funtzionala, osasuna eta funtzio anitzeko guneak, hala nola museoak. Eta hemen, robotikaren bidez egiaztatuko ditugu ziurrenik orain susmatzen ez ditugun eta etorkizunean batez ere desgaitasunaren eta mugikortasun-mugaren alorrean aplikatu ahal izango diren funtzionalitateak.

3.- IK4-TEKNIKERek bazkide teknologiko gisa parte hartzen duen lankidetza-historia luze baten barruan sartzen da proiektua. Zergatik dago harreman hori?

Lehenbizi, pertsonen mugikortasunari aplikatutako teknologiaren eta gizarte-eremuaren aurrerapenagatik, baina baita, batez ere, hemendik sor daitekeelako Gipuzkoan errotuta egon behar duen industria- eta enpresa-sektore bat. Uste dugu IK4-TEKNIKER aberastasun sozialean, ekonomikoan eta enpresa-garapenean gero aurrerapenak ekar ditzaketen proiektu askoren buru dela.

4.- Zer zeregin dute zentro teknologikoek ekonomiaren modernizazioan, eta, beraz, Gipuzkoaren garapen sozialean?

Eusko Jaurlaritzaren zientzia- eta teknologia-sare osoa eta zentro teknologikoen sare osoa teknologiaren eta zientziaren aplikazioak aztertzen, bilatzen eta egiaztatzen ari dira, guztiok bizi-kalitate hobea izan dezagun. Eremu ugari daude, noski, baina guri, batez ere, ezgaitasuna, aniztasun funtzionala, osasuna eta, azkenik, balio- eta enpresa-aberastasuna sortzea interesatzen zaizkigu, bai gizarte-ekintza gisa, bai kutxa gisa eta bai Kutxabank gisa.

5. Nola laguntzen dio Kutxa Gizarte Ekintzak Gipuzkoako ekonomiaren eraldaketari berrikuntzaren bidez?

Gipuzkoak bakarrik ez, Euskadik ere egin du jakintza eta balio ekonomikoa sortzeko apustuaren alde berrikuntzaren esparruan. Aurrerapen soziala eta aurrerapen sozioekonomikoa sortzen diren lekuan dago Kutxa. Eta horregatik, finantza-erakunde eta gizarte-ekintza garen heinean, proiektu honetan eta gure ustez balio soziala eta ekonomikoa eman ditzaketen proiektu guztietan parte hartzen dugu.