BUELTATU

ALBISTEAK

IK4-TEKNIKER eguzki-energia termikoa sortzearen gastuak nola murriztu ikertzen ari da

IK4-TEKNIKERek SolarPACES 2013ko biltzarrean parte hartuko du

IK4-TEKNIKERek eguzki-energia termikoaren alorreko bere garapen berrienetako batzuk aurkeztuko ditu, zeinen ezaugarria baita instalazioen errendimendua handitzea eta haien eragiketa-kostuak murriztea.

IK4-TEKNIKERek SolarPACES 2013ko biltzarrean parte hartuko du aurten ere. Biltzarra eguzki-energia kontzentratzeko sistemen garapenari eta merkaturatzeari buruzkoa da, eta Nazioarteko Energia Agentziak antolatu du, mundu osoko energia-arazoei konponbideak bilatzen laguntzeko.

Aurreko saioan, 2012ko irailean, mundu osoko ikertzaile, zientzialari eta enpresabururen artean, 1.000 aditu baino gehiago bildu zituen. Aurtengo saioa, 19.a, Las Vegasen (Estatu Batuetan) egingo da, irailaren 17tik 20ra bitartean, eta eguzki-energia kontzentratzeko teknologien eta energia kimikoko sistemen berrikuntzei buruz arituko dira.

IK4-TEKNIKEReko Energia Berriztagarrien areak eguzki-energia termikoaren alorreko bere garapen berrienetako batzuk aurkeztuko ditu, zeinen ezaugarria baita instalazioen errendimendua handitzea eta haien eragiketa-kostuak murriztea. Azken finean, sortzen den elektrizitatearen kostuak murriztea.

Euskal zentro teknologikoak txosten hauek aurkeztuko ditu:

“Fast, compact and precise mirror facet measurement based on autocollimation principle”. Ispilu kontzentratzaileen egiaztapen geometriko automatikorako sistema berri bat aurkezten du (patente-fasean dago).

“Improvement of solar heat transfer fluid behavior at low temperature by dispersing encapsulated and non encapsulated phase change materials (PCM)”. Tenperatura altuetan degradazio- eta/edo izozte-arazo gutxiago sortzen dituzten fluido bero-emaileen belaunaldi berri batekin lortutako emaitzak deskribatzen ditu.

“MAINBOT – Mobile robots for inspection and maintenance in extensive industrial plants”. Eguzki-baratzeak ikuskatzeko roboten garapenak, Europako MAINBOT proiektuaren barnean eginak, aurkezten ditu.

“A new high sensitivity and low cost solution for the measurement of reflectivity loss due to dust deposition in solar collectors”. Eguzki-baratze handien zikintasuna denbora errealean kontrolatzeko Microelectrónica MASER enpresarekin batera garatutako kostu baxuko sistemak erakusten ditu.

Eta “Selective Coatings for New Concepts of Parabolic Trough Collectors”. Kolektore zilindro parabolikoko hargailu berrietan egindako garapenak aurkezten ditu.

Horrez gainera, “EASY: An innovative design for cost effective heliostats/solar fields” artikulua aurkeztuko du, non IK4-TEKNIKERek eta Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER) elkarrekin lan egin duten eguzki-baratzeen kostuak murriztuko lituzkeen heliostato-kontzeptu berri bat garatzeko.

IK4-TEKNIKER eta eguzki-energia termikoa

Duela zortzi urtetik, IK4-TEKNIKER eguzki-energia elektrikoaren teknologiaren garapena ikertzen ari da, osagai berriak diseinatzeko, fluido bero-eramaileak eta metatze-baliabideak garatzeko eta aztertzeko, eta ezaugarri hobetuak dituzten gainazal optikoak garatzeko, besteak beste.

Horrez gain, instalazioen funtzionamendua eta mantentze-lanak hobetzeko eta eguzki-energia kontzentratzeko teknologiaren kostuak murrizteko garapenak egiten ditu.

Biltzarrean aurkeztuko diren garapenak azken urtean alor horietan egin diren lorpenen erakusgarri dira.