BUELTATU

PROIEKTUAK

Robot gidari bat Donostiako Eureka! Zientzia Museorako

IK4-TEKNIKERek diseinatu eta Kutxaren Gizarte Ekintzak finantzatu duten kTBot robota hasiko da lanean Eureka! Zientzia Museoan

Era autonomoan nabigatzen du, gidari-lanak egiten ditu bisitarientzat, edukiak aurkezten ditu museoko aretoetan eta laguntzaile ere aritzen da museoko hainbat jardueratan.

Robotika aspaldi iritsi zen industriako zenbait sektoretara, baina oraintxe ari da baliatzen zerbitzu-sektorean dituen aukera gero eta ugariagoak. Robotak fabriketatik atera eta ospitaleetara, egoitzetara eta etxeetara ere iristen ari dira. Izan ere, gero eta aplikazio zabalagoak ditu robotikak: robot laguntzaile berriak, industria- eta zerbitzu-eremu askotariko langileekin batera aritzen direnak edo kontzeptu berritzaileak dakartzatenak; esaterako, mantentze-, garbiketa-, zaintza-, segurtasun- eta garraio-lan espezializatuak egitera bideratuak.

Testuinguru horretan, urrats handia egin du aurrera euskal robotikak, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan aurkeztu den kTBot robotari esker, zeinak, besteak beste, museoko gidari-lanak egingo baititu. IK4-TEKNIKERek egin du robot hori, Kutxaren Gizarte Ekintzak emandako finantziazioari esker.

Museoak antolatzen dituen jardueretan laguntzea izango da robotaren betebehar nagusia, eta modu askotara lagunduko du gainera. Lehenengo, gidari-lanak egingo ditu bisitarientzat: hala, ikusi nahi dituzten aretoetara bideratuko ditu taldeak kTBot-ek. Bidean, gidari-lanetarako eskainiko die bere burua bisitariei, eta museoko edukiekin lotutako bitxitasun zientifiko eta mezu askotarikoen berri emango. Gainera, kTBot ondo prestatua dago jendez betetako lekuetako oztopoak arazorik gabe gainditzeko.

Robotaren bigarren lana da bisitariei Eureka! Zientzia Museoaren aretoetako edukia aurkeztea, aurrez ezarritako bideari jarraituz. Eta areto bakoitzean, bisitariak ikusiko duenari buruzko azalpen labur bat egingo du. Handik, gero, hurrengo aretora bideratuko ditu bisitariak.

Bestalde, museoan aldizkako ekitaldi ugari egiten direnez (besteak beste, hitzaldiak, tailerrak, kongresuak eta aurkezpenak), ekitaldiotako laguntzaile ere arituko da kTBot. Hau da, bisitariei harrera egin eta lagundu, antolatutako jardueren berri eman eta beste egingo ditu.

Robotikaren abangoardian

IK4-TEKNIKEReko taldeari erronka hau jarri zitzaion: robot bat sortzea, ingurune ez bereziki egokituetan, oso aldakorretan eta jende asko biltzen dituenetan integratzeko gai izango zena. Gainera, taldeak sortu duen robota pertsonekin erlazionatzeko gai da, zenbait sistema sentsoriali esker.

Hori lortzeko, modu autonomoan nabigatzeko aukera eman diote ikertzaileek robotari. Hau da, ibilbideak planifikatzeko eta gauzatzeko, oztopoak saihesteko eta inguruan dituen pertsonak detektatzeko aukera. Sentsore ugariz hornitua dago, eta itxura leun eta atsegina du, bai eta led argi batzuk ere, mezuak erraz eta egoki erakusteko balio dutenak.

IK4-TEKNIKERek aktiboki dihardu teknologia garatzen robotikaren gaur egungo erronkei erantzuteko, eta eskarmentu handia du konponbide robotizatuak eskaintzen, bai robotika industrialari bai zerbitzuetakoari lotuak. Une honetan, robotikaren eremuko bost europar proiektutan ari da lanean IK4-TEKNIKER, eta euRobotics aisbl Europako Batzordeak ikerketa robotikoaren inguruan duen erakunde aholku-emailearen zuzendaritza-batzordeko kide sortzailea da, IK4 Aliantzaren ordezkari gisa.

IK4-TEKNIKERen xedea da enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko teknologia garatzea eta transferitzea. Zentroaren apustu estrategikoetako bat teknologia robotikoekin lotuta dago. Izan ere, teknologiok xede hori lortzen lagundu dezakete, nabarmen, eta, gainera, aukera ematen diote IK4-TEKNIKERi robotikaren hurrengo belaunaldiaren abangoardian egoteko; hau da, aplikazio eta zerbitzu berriak sortzeko teknologiok oraindik gutxi erabiltzen diren eremuetarako. Hala, roboten belaunaldi berrietan garrantzi handia izango dute segurtasunak, pertsonen eta roboten arteko gertuko lankidetzak eta garapen mekatroniko berritzaileen erabilerak.