BUELTATU

ALBISTEAK

Nanoteknologia: laborategitik industriara

IK4-TEKNIKER CarbonInspired 2.0 proiektuan parte hartzen ari da, industriako hondakin-urak tratatzeko prototipo bat garatzeko

CarbonInspired sarearen bigarren proiektua, “CarbonInspired 2.0”, martxan jarri da aurten, aurrekoaren emaitzak beste industria batzuetara transferitzeko, era guztietako nanoteknologiak barnean hartzeko eta beste sektore batzuentzako prototipo berriak garatzeko, besteak beste.

Nanopartikulei buruzko ikerketaren emaitzak automobilgintzara eta eraikuntzara, Europako hegoaldean krisiak gehien eragin dien sektoreetara, transferitzea. Helburu hori du CarbonInspired proiektuak, 2011n sortu zenak, eta bost zentro teknologiko eta punta-puntako unibertsitateak biltzen dituenak, nanoteknologia laborategitik atera eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko helburuarekin.

CarbonInspired sareko bigarren proiektuak, “CarbonInspired 2.0”k, 800.000 euroko aurrekontua du —zati bat Europar Batasunak finantzatuta—, eta hainbat erakunderen partzuergoaren gaitasunak bildu ditu aurten. IK4-TEKNIKERez gain, beste hauek daude partzuergo horretan: Galiziako Automobilgintzako Zentro Teknologikoa (CTAG) sarearen koordinatzaile gisa, Material Plastikoen eta haiei Lotutakoen Ikerketaren Elkartea (AIMPLAS), Aveiroko Unibertsitatea (Portugal), eta Akitaniako Unibertsitateen, Ikerketa Zentroen eta Enpresen arteko Ikerketa Garatzeko Elkartea (ADERA).

Proiektuak aurreko proiektuaren emaitzak jaso ditu, beste industria batzuetara transferitzeko eta era guztietako nanoteknologiak barnean hartzeko. Interakzioa handituko da sare barruan, beste sektore batzuetara bideratutako prototipo berriak garatuko dira, eta prestakuntza e-learning plataforma berri baten bidez indartuko da, proiektua Europako hego-mendebaldeko eskualde guztietara irits dadin.

IK4-TEKNIKERek, aurreko proiektuan, eraikuntzan erabiltzeko sandwich-panel baten prototipo bat aurkeztu zuen, fase-aldaketako materialetan eta karbonozko nanohodietan oinarrituta. Panel horiek eraikinetan erabilita, eraikinen barruko erosotasun-tenperatura mantentzen da, eta, hala, berokuntzako edo aire girotuaren gastua nabarmen jaisten da.

Bigarren edizio honetan, nanopartikuletan oinarritutako materialak industriako hondakin-urak tratatzeko erabiltzeak dituen abantailak erakusteko prototipo bat garatuko du. Prototipo horren bidez, IK4-TEKNIKERek uren kalitatea hobetzeko eta haien kolorea ezabatzeko I+G proiektuetan arrakastaz aplikatu dituen teknologiak eskalatuko dituzte.

Lehenengo proiektuarekin lortutako emaitzek —iaz amaitu zen— aurreikuspen guztiak gainditu zituzten: 314 parte-hartzailerekin lankidetza-sare bat egitea lortu eta gero, 1.300 enpresarekin baino gehiagorekin harremanetan jarri ondoren, industria-aplikazioko hiru prototipo garatuta eta patente-eskaera bat egin eta gero, gero eta interes handiago du industriak nanoteknologietan.