BUELTATU

PROIEKTUAK

Goialde, makinen bibrazio gutxiago, produktibitate handiagoa

DynXperts proiektuan parte hartzen dugu: 12 enpresa, zentro teknologikoak eta unibertsitateak, haien artean IK4-IDEKO, proiektuaren gidaria

IK4-TEKNIKERek Europako DynXperts proiektuan parte hartzen du, buru magnetikoen ebaketa-ahalmena handitzeko makina-erremintetan.

Aluminiozko piezak mekanizatzeko erabiltzen diren makina-erremintek adibidez, GOIALDE HIGH SPEEDen bezeroek erabiltzen dituztenak— potentzia eta biraketa-abiadura handiko buruak erabili behar dituzte, produktibitatea handiak lortzeko.

Tradizioz erabili izan diren zeramikazko errodamenduak dituzten buruek eragozpen bat dute: askotan matxuratzen dira, errodamenduak hautsi egiten direlako, batez ere. Alternatiba gisa, GOIALDE HIGH SPEEDek eta IK4-TEKNIKERek urteak daramatzate mantentze-lanik behar ez duten —kontaktu magnetikorik ez dagoelako— kojinete magnetikodun buruak garatzen.

Kojinete magnetikodun buruek, ordea, ezegonkortasun-arazoak izan ditzakete mekanizazioan, moteltze faltagatik batez ere.

IK4-TEKNIKERek muga hori konpontzeko lan egin du, Europako DynXperts proiektuaren esparruan.

Gainera, beste 11 enpresarekin, zentro teknologikoekin eta unibertsitaterekin batera parte hartzen du proiektuan. Horien artean daude IK4-IDEKO proiektu-gidaria, Soraluce eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU). Guztien helburua da buru aktiboekin eta finkapen adimendunekin ikertzea, makinen portaera dinamikoa hobetzeko, eta, horren ondorioz, haien produktibitatea hobetzeko.

Buru magnetikoa

IK4-TEKNIKER berariaz GOIALDErentzat diseinatutako buru magnetiko batean integratzen diren bost funtzionalitateren (monitorizazioa, kalibrazioa, egonkortasuna, moteltzea eta kontrol aurreratuko algoritmoak) garapenaz arduratu da.

Azken helburua da buru magnetikoen ebaketa-ahalmena handitzea eta ohiko errodamendu-buruena gainditzea. Hala, produktibitate handiko makinetan integratzeko zegoen oztopoetako bat gaindituko da.

Proiektuaren hasieran, buruaren produktibitatea chatterek mugatzen zuten, makinarentzat kaltegarria den bibrazio-motak batek, alegia. IK4-TEKNIKERek bibrazio hori saihesteko, eta, ondorioz, mekanizatzeko gai den txirbil-emaria handitzeko algoritmoak garatzen egin du lan. Lehen aipatutako bost funtzioetatik, moteltze-ahalmenak eman ditu emaitzarik onenak: bost aldiz biderkatu du zentroko ikertzaileek diseinatutako buru magnetikoaren produktibitatea.

Lehen bi funtzioen bidez —monitorizazioa eta kalibrazioa— makinaren portaera dinamikoa ezagutu daiteke, eta beharrezkoak dira gainerako funtzioak ezartzeko. Egonkortasun-funtzioak denbora errealean kalkulatzen ditu mekanizazio-kondizioak (biratze-abiadura), prozesuari egonkortasun handiena ematen dietenak. Azken funtzioarekin, kontrol aurreratuarenarekin, erreminta sartzen denean makinak duen portaera hobetu da. Saiakuntzak egin diren baldintzetan, hau da, moteltze-funtzioa eta kontrol aurreratuarena aldi berean erabilita, produktibitatea zazpi aldiz hobetu da.

Mantentze-lanen kostuak murrizteaz (mantentze-lanak ia desagertu egiten baitira) eta makinaren erabilgarritasuna handitzeaz gain, kojinete magnetikoek beste teknika batzuk erabiltzeko aukera ematen dute, adibidez, "axis on axis", eta, teknika horren bidez, makina-erremintaren dinamika asko handitzen da mugimendu txikietan, eta, hala, denbora hobetu daiteke ibilbide-aldaketetan.

Kojinete magnetikoekin erlazionatutako garapenen ikerketa

IK4-TEKNIKERek 10 urte baino gehiago daramatza kojinete magnetikoekin erlazionatutako garapenetan aktiboki lanean, industria-sektorerako, energiaren sektorerako eta instrumentazio zientifikorako aplikazio nagusiak baitira.

Eskuratu dituen gaitasunei esker, zentro teknologikoak GOIALDE HIGH SPEED eta ZIGOR CORPORACIÓN punta-puntako enpresen konfiantza lortu du.

IK4-TEKNIKERek kojinete magnetikoen teknologia aplikatzen ari diren eskualdeko bi proiektutan lanean dihardu gaur egun. Hain zuzen, proiektu horietan dagoeneko aplikatzen dira DynXperts proiektuan garatutako bost funtzionalitateetako hiru (monitorizazioa, kalibrazioa eta moteltzea).