BUELTATU

PROIEKTUAK

Energia aurrezteko teknologiak

MESSIB proiektua —7,5 milioiko aurrekontukoa eta VII. Esparru Programak finantzatua— energia metatzeko proiektu nagusietakoa
bat da

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak MESSIB proiektuan parte hartzen du, eraikin berriaren bunkerrean dagoen saiakuntza-bankuan egiaztatuko diren azken belaunaldiko teknologiak diseinatzen.

Europako eraikinek, eraikuntzek eta higiezinek kontinenteko energia guztiaren %40 inguru kontsumitzen dute. Eta, gainera, haren jarduera Europar Batasuneko CO2-emisio guztien herena da. Datu horiek kontinenteko energia-balantzean duten garrantzia ikusita, Europako agintariek erabaki dute energiaren sorkuntza merkean eta eraginkorrean inbertitzeaz gain kontsumo jasangarrian eta energia-metatzean inbertitzea.

MESSIB proiektua —7,5 milioiko aurrekontukoa eta VII. Esparru Programak finantzatua— eremu horretako proiektu nagusietako bat da. IK4-TEKNIKERek azken belaunaldiko teknologiak garatuz parte hartzen du ekimen horretan. Accionaren gidaritzapean diharduen partzuergo horretako kide dira Europa osoko hainbat unibertsitate, zentro teknologiko eta enpresa, besteak beste, Alemaniako Fraunhofer zentroa, Finlandiako VTT zentroa eta EAEko Zigor enpresa.

Ekimenaren helburu nagusiak dira energia metatzeko teknologiak garatzea, eraikinetako aireztatzeko, berokuntzako eta aire girotuko teknologiak integratzea haien funtzionamendua optimizatzeko, eta eraikinetako energia-eskaeraren kudeaketa adimenduna egitea.

MESSIB proiektuaren barruan, IK4-TEKNIKERen egitekoa da flywheel edo inertzia-bolantearen irtenbide orokorra diseinatzea eta fabrikatzea. Inertzia-bolantea biratze-gailu mekaniko bat da, energia zinetikoa metatzeko erabiltzen dena. Material konposatuz egina dago, kojinete magnetikoek eusten diote, eta minutuko 25.000-50.000 birako biratze-abiaduran eta goi-hutsean —airearekiko marruskadura saihesteko— lan egiten du.

Gailua egiaztatzeko, IK4-TEKNIKERek bere bunker berrian duen saiakuntza-bankua erabiliko du. Bunkerra zentroaren egoitzako inbertsio berrietako bat da.

Zentro teknologikoa arduratu da flywheelen diseinu mekaniko osoaz: lebitazio magnetikoaren garapena, energia-kudeaketa, baliozkotze-probak. Horretarako, lebitazio-sistema osorik diseinatu eta fabrikatu du (kojinete magnetikoak, sentsoreak, potentzia-elektronika eta denbora errealeko kontrola), eta sistemaren ardatza eta karkasa osatzen duten elementuen diseinuaz eta fabrikazioaren segimenduaz eta haien muntaketaz eta egiaztapenaz arduratu da.

Eskaeraren eta eskaintzaren arteko gorabeheren motelgailua

Ekimen honen oinarrian dagoen ideia da energia-eskaintzaren eta -eskaeraren gorabeherak orekatuko dituen motelgailu bat sortzea. Izan ere, eraikinen elektrizitate-eskaerak gorabeherak izaten ditu ziklo askotan (gauaren eta egunaren artean, astearen eta asteburuaren artean, eta neguaren eta udaren artean). MESSIB proiektuaren helburua da bero- eta elektrizitate-energia metatzeko sistemak sortzea, ziklo horietako hornidura epe labur, ertain eta luzera ziurtatzeko, eta, hala, hornidura-eteterik egonez gero, sistema horiek berehala aktibatzeko eta horniduraren jarraipena edo funtzionamendua bermatzeko.

IK4-TEKNIKEReko ikertzaileek diseinatutako flywheel potentzia handiko energia epe laburretan metatzeko sortu da; beraz, oso metodo egokia litzateke sare elektriko adimendunetarako (smart grid) edo une jakin bateko eskaeretarako, itzalaldi baten kasuan, adibidez.