BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Robotika, industriatik etxeetara

Espezialistaren ikuspegia: Loreto Susperregi

Robotika aurreratua

Gaur egun, robotika aurreratua teknologia disruptiboak esaten zaienen barruan sartzen da, alegia, aurrera egin ahala etorkizuneko bizi-estiloa, negozioak eta ekonomia eraldatuko dituzten teknologien barruan. Hori dela eta, robotika aurreratua hainbat behar orokorri erantzuteko aukera gisa azaltzen da: besteak beste, fabrikazio-munduaren fabrikazio malguranzko bilakaera eta herritarren zahartzea, eta, ondorioz, haiek zaintzeko baliabideen gero eta eskaera handiagoa.

Robotikako ikerketa robot gero eta gaituagoak eta sofistikatuagoak, sentsore hobetudunak eta trebetasun eta adimenarekin hornituak garatzera bideratuta dago, zeregin konplexuak automatizatzeko edo giza gaitasunak handitzeko. Roboten belaunaldi berri hau garatzeko erronkak aurreko roboten, robot industrialen, belaunaldikoen oso bestelakoak dira.

60ko hamarkadan fabrikazio-sistemetan sartu zirenetik, oso zaila da robotik gabeko fabrika bat irudikatzea. Roboten potentzia-, bizkortasun- eta doitasun-gaitasunek abantaila handiak eskaintzen dituzte produktuaren kalitatearen, lan-baldintzen eta segurtasunaren, eraginkortasunaren eta produktibitatearen ikuspegitik, eragiketak automatizatzen baitituzte eta erroreak minimizatu. Robotika industriala teknologia heldua da gaur egun; hain zuzen, munduko fabrikazioaren funtsezko zati da. Robotak zeregin errepikakorrak, arriskutsuak eta balio erantsi txikikoak egiteko erabiltzen dira. Robotika industrialaren ohiko aplikazioak dira, besteak beste, soldadura, piezen manipulazioa, pintatzea eta gainazalen tratamendua. Manufaktura-industria roboten merkaturik garrantzitsuena da oraindik ere, eta, sektore horren barruan, automobilen fabrikazioa funtsezko aplikazio-eremua da.

Robotikako aplikazio industrialen garatzaileek ingurune egituratuak eta ezagunak bermatzen dituzte, non robotek zeregin errepikakorrak egiten dituzten eta segurtasuna banantze fisikoko oztopoen bidez lortzen den. Hala ere, gaur egun, baita industria-alorrean ere, malgutasun-maila handiagoa eskatzen da —bai ingurune ez-egituratuetan, bai ezezagunetan—, pertsonen eta roboten arteko interakzio zuzena bilatzen da, eta, ez hori baino garrantzia txikiagokoa, kostu baxuan.

Bestetik, robotak eremu publikoan eta etxeetan sartzen ari dira, gero eta gehiago sartu ere, eta horren adibide dira robot xurgatzaileak edo belarra ebakitzeko robotak. Robotikaren aplikazioak zabalduz doaz, eta zerbitzu-robotika kontzeptua sortu da; hau da, eguneroko bizitzan, lanean, osasunean eta laguntza berezia behar duten pertsonei laguntzen dieten sistema robotikoak garatzen dituen robotika. Zerbitzu-robotika bi talde handitan bereizten da normalean: profesionala eta pertsonala. Robot industrialek ez bezala, pertsonak dauden guneetan gauzatzen dituzte beren zereginak, eta, batzuetan, pertsonekin elkarlanean. Eta horrek are garrantzitsuago egiten ditu segurtasunarekin eta gai etikoekin, legalekin eta sozialekin erlazionatutako alderdiak.

IK4-TEKNIKERen espezializazioa robotikan

Roboten belaunaldi berriak ezartzen dituen erronken aurrean eta IK4-TEKNIKERen espezializazio-filosofia berriaren barruan, teknologien etorkizuneko apustuetako bat robotika aurreratua da. IK4-TEKNIKERen ikerketa-jarduera ikerketako unitate teknologikoen inguruan egiten bada ere, robotika aurreratuaren espezializazioa unitate teknologiko batzuekiko zeharkakoa da.

Espezializazioan, IK4-TEKNIKERen robotikaren ardatz nagusiak eta etorkizuneko ikuspegia ezartzen ditugu: begiz gidatzen den robotika adimenduna, indarrean oinarritutako kontrol malgua, pertsonen eta roboten arteko interakzio naturala eta manipulazio mugikorra. Helburua da ezaugarri hobeak eskainiko dituzten robotak garatzeko gaitasunak eskuratzea, adibidez, diseinu konpaktuak eta malguak dituzten robotak, erraz programatzeko eta erabiltzekoak, eta pertsonen eta roboten arteko lankidetza segurua lortzeko.

IK4-TEKNIKERen, denbora daramagu robotika aurreratuaren eta aplikatuaren alorreko estatuko zein Europako proiektuetan parte hartzen. I+Gko proiektuen zorroa robotika industrialeko zein zerbitzu-robotikako proiektuek osatzen dute. Robotikan, aukera hauek emango dizkiguten garapen teknologikoetan bilatzen da berrikuntza:

- Industria-inguruneetako aplikazioak ugaritzea, eta zerbitzu berri batzuk eskaintzea, bai ingurune profesionalean, bai pertsonalean. Robotak ezartzea egun robot gutxi erabiltzen diren alorretan —elikagaien eta ehungintzaren alorrean, adibidez— edo enpresa txikietan, haien malgutasun handiagoko beharretara eta inbertsio-itzulkin hobeagoetara egokituz.

- Industriaren alorrean, ekoizpeneko eskakizun praktikoei erantzutea, automatizazio malgua eta segurtasun-ezaugarri handiak eskaintzen dituzten konponbideak bilatuz.

- Zerbitzuen alorrean, aplikazio robotiko berriak garatzea; adibidez, ekipo handien edo instalazio industrialen ikuskapena, non mantentze-lanen gastuak handiak diren. Alor honetako erronka da robotak integratzea bereziki haien ezaugarrietara egokituta ez dauden inguruneetan, hasiera batean ezezagunak direnetan, beti aldatuz doazenetan eta pertsonekiko interakzioa handia izaten den inguruneetan.

- Mekatronika zientzia kognitiboarekin, adimen artifizialarekin eta informazioaren teknologiarekin bat etortzea, gaitasun eta ezaugarri aurreratuak dituzten adimen handiagoko robotak sortzeko.

- Pertsonen eta roboten arteko lankidetza, egun bereizten dituen oztopo fisikorik gabe. Pertsonen eta roboten arteko kooperazioari esker, pertsonen eta roboten gaitasunak konbina daitezke, lehen ekonomikoki bideragarriak ez ziren prozesuak automatizatzeko. Hurrengo urteetan, ziurrenik, pertsonak robot mugikorrekin zuzenean elkarreraginean jarduten hasiko dira, bai industria-inguruneetan, bai etxeko inguruneetan. IK4-TEKNIKERen ingurune dinamikoetan, modu autonomoan eta seguruan nabigatzeko teknologiak garatzen dihardugu. Horrez gainera, robot mugikorren maneiagailuak kontrolatzean, interakzioak segurua eta arriskurik gabea izan behar du pertsonentzat, eta manipulazio mugikorreko eragiketa konplexuagoak egiteko aukera eman behar die.