BUELTATU

ELKARRIZKETA

“Euskadik gaitasun teknologiko handia du energía berriztagarrirako”

José Ignacio Hormaeche, Energia Clusterreko zuzendari nagusia

José Ignacio Hormaeche Energia Clusterreko gaur egungo zuzendaria eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari ohia da, eta ondo ezagutzen du energia-sektorea. Elkarrizketa honetan, datozen urteotan euskal energia-sektorearen posizionamendurako garrantzi handiena izango duten puntuetako batzuk azaltzen ditu.

1.- Zer pisu dute, gaur egun, energia berriztagarriek euskal ekonomian, eta zer aukera dituzte etorkizunerako?

2012ko balantze energetikoan, energia berriztagarriak Euskadiko energia-kontsumo osoaren %7,6 izan ziren, eta, energia elektrikoari dagokionez, %6,3 izan zen iturri berriztagarrietatik sortua. Euskadiko Energia Estrategia 2010ek helburu gisa zehaztu zuen %12tik urrun daude zifra horiek. Eusko Jaurlaritzaren 2020rako energia-estrategiak, berriz, helburu gisa zehazten du energia-kontsumo osoaren %14 eta %17 bitartekoa (zenbait egoera planteatzen dira) izatea energia berriztagarria. Edonola ere, badirudi helburu horiek erdiestea gero eta zailagoa dela, energia berriztagarrientzako primen luzamendua eta Espainiako Gobernuak azken bi urteotan ezarri dituen elektrizitate-sorreraren fiskalitateko zenbait neurri ikusirik.

2.- Nola dago energia berriztagarrien sektoreko euskal teknologia nazioartean?

Zorionez, euskal enpresek gaitasun teknologiko eta komertzial handia dute energia berriztagarriei dagokienez, nahiz eta gure lurraldean teknologia horien ezarpena txikia izan den. Energia Clusterrean, sektore berriztagarrietako enpresek pisu handia dute, bereziki energia eolikoaren, eguzki-energia termikoaren eta eguzki-energia fotovoltaikoaren alorrekoek. Euskadin, energia berriztagarrien balio-kateetako ia ehun enpresa ditugu; ia 9.000 laguni ematen diete lana, eta langile horietatik ia %10 I+G proiektuetan aritzen da. Bestalde, azpimarratu behar da enpresa batzuek merkatu-kuota onak dituztela nazioartean, hala nola Iberdrolak (instalazio berriztagarrien sustapena), Gamesak (energia eolikoa) edo Senerrek (eguzki-energia termikoa).

3.- Uste duzu IK4-TEKNIKER lantzen ari den teknologia zilindro-parabolikoak eta halakoek negozio-hobi berriak ireki ditzaketela euskal enpresentzat?

Teknologia zilindro-parabolikoak eta eguzki-kontzentrazioko beste teknologia batzuk, dorre zentralekoak, esaterako, asko garatu dira Espainian azken lau urteotan; 2.000 MW-eko potentzia instalatu da, gutxi gorabehera, eguzki-energia termikoaren kontzentrazioko instalazioetan. Euskal enpresa askok baliatu dute merkatu hori, eta instalazioetarako ingeniaritza, osagaiak eta zerbitzuak eman dituzte. Hala, know-how handia eta teknologia horietako lehia-kokapen ona eskuratu dituzte. Enpresa horiek, orain, bi erronka dituzte: batetik, kokapen hori aprobetxatu behar dute nazioarteko merkatu berrietan beren irtenbideak eskaintzeko (Maroko, AEB, Hegoafrika, Txile, Ekialde Ertaina...); bestetik, eraginkortasuna hobetu behar dute, eta ekoizpen-kostuak murriztu. Bigarren erronka horretarako, IK4-TEKNIKER garatzen ari den aurrerapen teknologikoak erabakigarriak izan litezke ekipo- eta irtenbide-fabrikatzaileak lehiakorrak izan daitezen mundu mailako lehia dagoen merkatuetan.

4.- Ezagutzen duzu HITECO proiektua? Uste duzu euskal erakundeen parte-hartze handia duten horrelako Europako proiektuak erabakigarriak izan daitezkeela Euskadi erreferentziazko eragilea izan dadin energia berriztagarrietan?

Badakit IK4-TEKNIKER zer lan egiten ari den HITECO proiektuan, eta, zentrora egindako zenbait bisitatan, aurkeztu dizkidate eguzki-erradiazioa xurgatzeko hodiak PVD bidez estaltzeko teknologietako prototipoak eta lortutako emaitza onak. Nire ustez, oso garrantzitsua da Euskadiko zentro teknologikoak halako nazioarteko proiektuetan aritzea eta, erreferentziazko zentroekin lankidetzan, teknologia berriak garatu eta lehendik daudenak hobetzea, gero gure enpresentzat eskuragarri jartzeko.

5.- Zer egin behar lukete zentro teknologikoek euskal energia-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko?

Teknologiak izan behar du gako bereizgarrietako bat, euskal enpresak mundu mailako merkatuetan lehiatu daitezen beren produktuaren kalitatea eta beren irtenbideen balio erantsia oinarri hartuta. Eta lehiakortasuna teknologiaren bidez hobetzeko etengabeko erronka horretan, zentro teknologikoek izan behar dute (orain dela 30 urte sortu zirenetik izan diren bezalaxe) enpresen kiderik onenak, ezagutza eskuratzeko eta ezagutza hori produktu eta zerbitzuen berrikuntza-proiektuetan aplikatzeko. Gu, Energia Clusterretik, eskema horretan gure harri-koskorra jartzen saiatzen gara, enpresa eta zentroen arteko elkarrekintza bultzatuz, lantaldeak eta topaketa-foroak sortuz eta lankidetza-proiektuak dinamizatuz.