BUELTATU

ALBISTEAK

Laser-irtenbideak nahierara automobilgintzarako eta beste industria-sektore batzuetarako

Goi-potentziako laserrak erabiltzen dituzten enpresentzako zerbitzua

IK4-TEKNIKERek laser-sorta bidezko hiru karakterizazio- eta diagnosi-zerbitzuz osatuta dagoen eskaintza bat diseinatu du. Eskaintza pertsonaliza daiteke, eta barnean hartzen ditu espektro-zabaleraren neurketa, potentziaren neurketa eta foku-planoaren posizionamendua.

Automobilgintzako enpresek dagoeneko ezagutzen dute IK4-TEKNIKERen laser-sorta bidezko karakterizazio- eta diagnosi-zerbitzua: laser-sortaren parametroak enpresan bertan neurtzeko aukera ematen dute, mantentze-lan egokien bidez kalitatea eta kostu-kudeaketa bermatzeko.

Euskadiko enpresa-sareko enpresek —automobilgintzak pisu espezifiko handia du— gero eta gehiago sartzen dituzte potentziako laserrak beren ekoizpen-prozesuetan, bai ebaketa- eta soldadura-aplikazioetarako, bai gainazalen tratamenduetarako (testurizazioa, gogortzea...).

Hori dela eta, IK4-TEKNIKERek irtenbide-aukera zabal bat diseinatu du, non espektro-zabaleraren eta uhin-luzeraren neurketa zein laserraren potentziaren eta foku-planoaren kokapenaren neurketa sartzen diren. Zentro teknologikoak nahierarako eskaintza bat diseinatu du, eta, beraz, enpresek beren beharretara ondoen egokitzen den irtenbidea lortzeko nahi dituzten zerbitzuak hauta ditzakete.

Jakin badakitenez enpresentzat garrantzi handikoa dela bere laser-sistemek kondizio optimoetan funtzionatzen dutela bezeroei erakusteko gaitasuna izatea, laser-sorta bidezko karakterizazio- eta diagnosi-zerbitzuak aukera ematen du tokian bertan neurtzeko, enpresaren beraren instalazioetan, merkatuko laser arruntenen sorta-parametroak (diodoa, Nd:YAG, CO2-a, zuntza, diskoa, etab.)

Horrela, bada, sortaren bide optikoan eta laserraren funtzionamenduan egon daitezkeen akatsak (zikinkeria, optiketan kalteak, deslerrokatze-arazoak, etab.) diagnostikatzeko tresna bat jartzen du bezeroen esku zentro teknologikoak. Batik bat ebaketa- eta soldadura-aplikazioetarako eta tratamendu termikoen aplikazioetarako goi-potentziako laserrak erabiltzen dituzten enpresentzako zerbitzua da.