BUELTATU

PROIEKTUAK

Prozesu adimendunak etorkizuneko lantokietarako

Mekanizazio-prozesuen errendimendua hobetzea, tresneria-sistema adimenduen bitartez

INTEFIX europar proiektuaren helburua da europar industriako mekanizazio-prozesuen produktibitatea hobetzea eta balio erantsi handiko industria indartzea. IK4-TEKNIKERek zuzentzen du proiektua, eta EBko VII. Esparru Programak finantzatzen, 7,5 milioi eurorekin.

Errendimendu handiko materialez egindako balio erantsi handiko produktuak fabrikatzeko —hala nola aeronautikaren, espazioaren eta energiaren sektorean erabiltzen direnak—, doitasun eta kalitate handienak behar dira mekanizazio-prozesuan. Bestalde, ohiko prozesu-ingeniaritzak eraginkortasun mugatua du horrelako produktuen fabrikazioa hobetzeko.

Horregatik egin du INTEFIX proiektuaren alde Europako Batzordeak —7,5 milioi eurorekin finantzatu du— helburu honekin: prozesuak gainbegiratzeko, kontrolatzeko eta egokitzeko aukera ematen duten tresneria-sistema adimendunak erabiliz, mekanizazio-prozesuen errendimendua hobetzea, doitasun eta kalitate handiagoko eta kostu txikiagoko emaitzak lortuz.

Gaur egun mekanizatuen arloa nola dagoen kontuan izanda, orain arteko eskakizunek ez dute balio, jada ez dira nahikoa; eta abiapuntu hori izan du, hain zuzen, IK4-TEKNIKER buru duen proiektu honek. Gaur egungo enpresek zehaztasun eta errendimendu handia eskatzen dituzte, eta horrek esan nahi du tresneriak kontuan izan behar dituela hainbat alderdi, hala nola produkzio-prozesuan zehar gertatzen diren deformazioak, bibrazioak eta distortsioak.

INTEFIXen helburua asmo handikoa da. Izan ere, merkatu globaletan eragin handia izan nahi du, eta balio erantsi handiko manufaktura-industria merkatuan posizio hobean jarri. Ekonomia aurreratuetan pisu handia du sektore ekonomiko horrek. Hain zuzen, metalaren industriak EBko industriako balio erantsiaren %10 eta langileen %12,5 osatzen ditu.

Teknologia adimenduna

Azken belaunaldiko teknologiak (hala nola sentsoreak, eragingailuak, kontrol-algoritmoak eta simulazio-tresnak) tresneria adimendunen osagarriak lortzeko berariaz garatutako tresna berriekin integratuko ditu INTEFIXek. Dispositibo horiek gai dira mekanizazio-eragiketetan tresneriaren beraren portaera eta prozesu/tresneria/makina interakzioak aldatzeko, eta, hala, eragiketen denbora eta kostuak murriztea lortzen dute.

IK4-TEKNIKERek proiektuan egingo duen ekarpena lotuta dago pieza handien torneaketan bibrazioak eta deformazioak saihesteko irtenbideak garatzearekin. Horretarako, elementu adimendunak integratuko ditu tresneriaren gune egokietan, piezaren portaera kontrolatzeko eta prozesuan emaitza hobea lortzeko. Aldi berean, fabrikatu beharreko piezaren posizionamendu-arazoak konpontzeko teknologia berritzaileak sortzeko ekimen bat zuzenduko du zentro teknologikoak.

Ekimen horren baitan sartzen dira proiektuaren espezifikazioak definitzeko lanak eta lan-metodologiaren eta irtenbide teknologikoak karakterizatzeko prozesuen diseinua. Gainera, IK4-TEKNIKER arduratuko da INTEFIX proiektua osatzen duten 15 lan-paketeetatik bitako ikerketa-kasuak diseinatzeaz.

Proiektuaren emaitzekin urrats bat aurrera egingo da fabrikazio adimendunaren bidean, fabrikazio-sistema eta ekipoetan funtzionalitate berriak eskainiko baitituzte automatizazioan, malgutasunean, aldakortasunean, eraginkortasunean eta doitasunean oinarrituta.

Horrez gainera, Europak balio erantsi handiko produktuen fabrikazioaren industrian eta sistema adimendunen alorreko aurrerapen teknologikoen garapenean duen lehiakortasuna hobetzen lagunduko dute. Bestetik, aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak ekarriko ditu, zeinei esker unibertsitateak eta ikerketa-zentroak ikerketaren eta garapenaren abangoardian egongo diren.

This project has received funding from the European Community's Seventh Framework Programme (FP7-2013- NMP-ICT-FoF) under grant agreement n° 609306.