BUELTATU

PROIEKTUAK

Estaldura hobeak, eraginkortasun handiagoa

Eguzki-instalazioetan likido garraiatzailea eroaten duten hodietarako estaldura bero-xurgatzaileei buruzko ikerketa

NECSO proiektuaren ardatza da —IK4-TEKNIKER buru duela— nanoteknologia erabiltzea, eguzki-instalazioen eraikitzaileentzako hodietarako estaldurak diseinatzeko.

Gero eta enpresa eta partikular gehiagok uste dute energia berriztagarriak izan daitezkeela gaur egungo energia-kontsumoa modu jasangarrian mantentzen lagundu diezaieketen baliabideak Prezioa, ordea, funtsezko faktorea da merkatuetako energia-konbinazioan kuota irabazteko energia-iturri desberdinen artean dagoen lehian.

Testuinguru horretan, eguzki-energia kontzentratzeko teknologia da ahalmen handieneko sistemetako bat; izan ere, industria-ustiapenean bi hamarkadako ibilbide frogatua du, eta marjina du eragiketa-tenperatura handiagoetan lan egiteko. Hori dela eta, nabarmen hobetuko luke energia elektrikorako bihurketaren efizientzia. Bestalde, ahalmen hori ustiatu ahal izateko, aurrerapen handiak egin behar dira beroa energia elektriko bihurtzeko prozesuan.

Helburu hori lortzeko eremuetako bat da likido garraiatzailea eroaten duten hodietako beroa xurgatzeko estaldurei buruzko ikerketa. Pentsatzen da likidoaren gaur egongo tenperaturak, 400ºC inguru, 600ºC-raino igo litezkeela estaldura hobeekin, eta, hala, instalazio elektrikoaren errendimendua %10 handitu liteke.

Hori dela eta, VII. Esparru Programak NECSO proiektua sustatu du bi milioi euro inguruko diru-laguntzarekin. Proiektuaren buru IK4-TEKNIKER da, eta Espainiako, Suitzako, Esloveniako, Belgikako eta Frantziako beste sei zentro teknologikok eta enpresak lankidetzan dihardute. Ekimenaren helburua da nanoteknologia erabiltzea eguzki-instalazioen eraikitzaileentzako hodietarako estaldurak diseinatzeko, 20-25 urte bitarteko balio-bizitza bermatuko duten eta eguzki-energiaren sorkuntzan efizientzia handiagoa lortzeko aukera emango duten estaldurak.

Eguzki-kontzentrazioaren gorakada

Teknologia, parabolic trough sisteman oinarritua, eguzki-energia kontzentratzeko teknologien artean helduena da, funtzionamendu-esperientziari zein ikerketa teknikoari dagokienez. Horren ondorioz, dagoeneko 1.500 MW baino gehiago daude instalatuta, eta uste da munduan beste 10 GW-eko ahalmena duten instalazioak eraikitzen ari direla; horietako %10 Txinan. Bestalde, oraindik ezagutza falta dago estaldura bero-xurgatzaileen degradazio-mekanismoei buruz eta estalduren degradazioak beroa xurgatzeko estalduren errendimenduan bere balio-bizitza osoan izan dezakeen eraginari buruz.

IK4-TEKNIKERen eta NECSO proiektuko haren bazkideen xedea da karakterizazio-metodoak eta estandarizazio-protokoloak ezartzea errendimendu hobetu bat, iraunkortasuna eta kalitate-kontrola bermatzeko, errendimendua bere balio-bizitzan mantenduz 600ºC-ko tenperaturara iristeko aukera ematen duten estaldurak lortzeko.

Helburu teknikoak

Eguzki-estaldurak kasu bereziak dira estaldura industrialen munduan; izan ere, hainbat propietatetako geruzak konbinatu behar dira, adibidez, islatzeen aurkakoa, eguzki-xurgatzea eta ispilu infragorria. Horrelako estaldura guztien artean, parabolic trough teknologia erabiltzen dutenak pasatu dituzte eragiketa- eta kalitate-eskakizun zorrotzenak, lan-tenperatura altuengatik eta hodiaren luzera osoan estalduraren geruzak homogeneoak izatea ezinbestekoa delako errendimendu ona bermatzeko. NECSO proiektuko kideek 5 nanometroko doitasunez egiten dute lan.

Proiektuaren helburua da, alde batetik, geruzen propietateak maila nanometrikoan —nano-gogortasuna edo kristalografia, adibidez— errendimenduko eskakizunekin erlazionatzea, eta, bestetik, karakterizazio- eta degradazio-protokoloak garatzea estalduren ekoizle eta erabiltzaileentzako erreminta gisa.

This project has received funding from the European Community's Seventh Framework Programme (FP7/2007-2013) under grant agreement n° 310344.