BUELTATU

PROIEKTUAK

IK4-TEKNIKER, miniaturizazioaren aldeko Europako apustuaren buru

Sortzen diren teknologiak mikroosagaiak fabrikatzeko erabiliko dira

Zentro teknologikoa Europako HINMICO proiektuaren buru da. Proiektu horrek 5,5 milioi euroko aurrekontua du, eta materiak eta funtzio ugariko mikroosagaiak eskala handian ekoizteko teknologiak garatzeko eta integratzeko diseinatua da.

Europar Batasuneko industria eta erakundeak ahalegin handia egiten ari dira azken urteotan, mundu mailako miniaturizaziorako joerari erantzuteko. Prozesu horrek desafio handiak ekarri dizkie enpresei, mikroosagaien eskala handiko fabrikazioa, esaterako. Erronka horri gehitzen zaio, gainera, industria askotan aplikatzeko ematen duten aukera.

Horiek guztiak gainditzeko ikerketako ekintza gakoa material ugariko mikroosagaia da: material ugariko zenbait osagai pieza bakarrean mihiztatzen dira, eta osagaiak ezin dira berriro atera pieza suntsitu gabe.

Horiek horrela, Europar Batasunak aurrerapausoa eman du HINMICOrekin; anbizio handiko ikerketa-proiektua da, IK4-TEKNIKEReko Ultradoitasun Prozesuen Unitatea du buru, eta 5,5 milioi euroko aurrekontua du. Beste 15 bazkidek ere parte hartzen dute proiektuan, besteak beste, Europako zazpi herrialdetako zenbait ikerketa-zentrok, horien artean IK4-IDEKOk, IK4 Research Allianceko kidea, unibertsitatek eta enpresak.

Polimeroen injekzioa

Proiektuaren helburua da polimeroen mikroinjekzioaren teknikaren inguruan hainbat teknologia garatzea eta integratzea, material eta funtzio ugariko mikroosagaien eskala handiko ekoizpen-kateetan.

Mikroinjekzio-prozesuetan edo haien aldagaietan (gainmoldaketa —over-moulding— eta moldeko mihiztadura —in-mould assembly—) eskuratzen diren mikroosagai edo mikropieza guztiei aplikatu ahal izango zaizkie proiektuko ikerkuntzak ekartzen dituen aurrerapenak. Hala, fabrikazio-kostuak asko murriztu nahi dira, eta, hori bezain garrantzitsua, produktuaren balio erantsia handitu ahal izango da, injektatutako materialaren bidez funtzionalitate gehigarriak emango baitira.

Joseba Esmoris ikertzailearen arabera —proiektuaren arduraduna IK4-TEKNIKERen—, askotariko sektoreentzat (garraioa, osasuna edota komunikazioa) onuragarriak izango dira HINMICOren garapenean lortzen diren emaitzak.

Teknologien integrazioa

Teknologien integrazio-prozesua oinarrizko teknologia baten inguruan garatzen da (mikroinjekzio-prozesua), eta teknologia hori da, gaur egun, mikroosagaien masako ekoizpeneko prozesu nagusia. Zehazki, mikroinjekzio-prozesuaz gain, teknologia horren bi aldagai ditu ardatz HINMICO proiektuak: gainmoldatzea (over-moulding) eta molde barruko mihiztatzea (in-mould assembly), zeinak gakoak baitira material ugariko osagaiak eskala handian ekoizteko.

Oinarri horren inguruan, HINMICO proiektuak ekoizpen-prozesuen garapenean sakonduko du prestazio handiko mikromoldeak fabrikatuz, prozesuaren etapetan mikroosagaiak seguru eta zehatz manipulatuz eta online monitorizatuz, produktuaren amaierako kalitatea bermatuz beti. Halaber, prozesatu ondorengo teknologietan (back-end processes) oinarritutako garapen eta integrazio gehigarriak egingo dira, hala eskatzen duten mikroosagaien funtzionalizazio espezifikoa gauzatu ahal izateko (estaldurak, laser bidezko tratamendua, polimeroak soldadura bidez elkartzea...).

HINMICO proiektuak hiru industria-sektorek (mugikortasuna eta garraioa, elektronika eta biomedikuntza) eskatzen dituzten mikroosagaiak eskuratzea du helburu.

Mugikortasunaren eta garraioaren sektoreari dagokionez, erresistentzia aerodinamikoa murrizteko (eta, beraz, erregai-kontsumoa txikitzeko) aire-fluxua kontrolatzen duen mikroeragile bat fabrikatuko da mikroinjekzio bidez.

Sektore elektronikoan, berriz, gaitasun handiko eta irismen txikiko mikrouhin bidezko osagai pasibo bat fabrikatuko da mugikorren hiri-sarerako. Osasunaren alorrean, pazienteen sendatze-prozesua azkartuko duten material ugariko hortz-inplanteak garatuko dira, eta tratamenduen azken faseetan aplikatzen diren kargak jasateko gai diren hortzetarako bracket polimeriko indartuak ere fabrikatuko dira, besteak beste.

This project has received funding from the European Community's Seventh Framework Programme (FP7-2013- NMP-ICT-FOF) under grant agreement n° 609110.