BUELTATU

PROIEKTUAK

Eguzkia ustiatzeko teknologia berrien bila

HITECO europar proiektuak kontzentrazio bidezko eguzki-energiako sailetan eraginkortasuna eta kostuak gutxitzea du helburu

HITECO europar proiektuan lanean ari da IK4-TEKNIKER. Proiektuak bost milioi euroko aurrekontua du, eta helburua da kontzentrazio bidezko eguzki-energiako teknologia berritzaile baten eraginkortasuna hobetzea eta kostuak gutxitzea.

Ez dago zalantzarik etorkizun handiko energia-iturria izango dela eguzki-energia, baina gaur egungo teknologiak hainbat zailtasun ditu, hala nola eguzki-argia elektrizitate bihurtzeko eraginkortasun eskasa. Hori dela eta, panel fotovoltaikoen aukera (aukera hedatuena) alde batera utzita, eguzki-energia hobeto aprobetxatzeko aukera emango duten teknologia berrien bila ari dira ikertzaileak.

Eguzki-argiaren kontzentrazioa da teknologia berritzaile horietako bat. Teknologia horren bidez, ispilu batzuetan islatutako eguzki-argia azalera oso txikian fokatzen da, eta, hala, tenperatura oso handia lortzen da. Energia bero moduan biltegiratzen da hala, eta, gero, elektrizitate bihurtzen da. Hain zuzen, biltegiratzeko gaitasun horregatik da energia-berriztagarrien artean teknologia erakargarrienetako bat elektrizitate-merkatuarentzat. Hala ere, teknologia hori hedatzeko, kostuak gutxitu behar dira, eta eraginkortasuna handitu.

Teknologia horren sorkuntza-gaitasuna handitzeko, Europako Batzordeak, VII. Esparru Programaren bidez, HITECO proiektua jarri du martxan, bost milioi euro baino gehiagokoa. Proiektu horretan parte hartzen ari da IK4-TEKNIKER euskal zentroa, Espainiako, Suitzako, Alemaniako eta Txekiar Errepublikako bederatzi zentro teknologiko eta enpresarekin elkarlanean.

Aries Ingeniería y Sistemas enpresak gidatutako proiektuan, hauek ere hartzen dute parte: Nafarroako Industriaren Elkartea, Cidaut Fundazioa, Madrilgo Materialen Zientzia Institutua, ETHsuitzar zentroa, Kavalierglass txekiar enpresa, eta Alemaniako Witzenmann, Trelleborg eta Pfeiffer enpresak.

Argi kontzentratua

Eguzki-energia kontzentratzeko teknologia eguzki-energia biltzeko panel fotovoltaikoetan baliatzen dena ez bezalakoa da. Mota horretako instalazioetan, eguzki-argia ispilu handi batzuetan islatzen da, eta haiek hodi nagusi batean islatzen dute erradiazioa. Hodi barnean dagoen fluidoa berotu egiten da, ehunka graduraino, eta beste instalazio batera bideratzen da, han beroa turbina bidez elektrizitate bihurtzeko.

Teknologia hau, ordea, ez da nahikoa garatu oraindik, eta gaur egun punta-puntako bi enpresak bakarrik dute mundu osoan horrelako instalazioak egiteko gaitasuna. HITECO proiektu konplexuaren bidez, eguzkia kontzentratzeko instalazioetako elementu guztien eraginkortasuna hobetu nahi da: hodien estaldura, isolamendu termikoa, eta hutsaren nahiz junturen kontrola. Guztira hamar paketetan bildu da lana, eta ikerketa-eremuen herenean hartzen du parte IK4-TEKNIKERek.

Sailen arteko elkarlana

Proiektua hain handia izanik, zentro teknologikoko hainbat sailek hartzen dute parte paketeetan, hala nola mekatronika-sailak, elektronika-sailak eta PVD bidezko jalkitzean adituak direnek (azken horiek PVD teknika erabiltzen dute materialen gainazalei propietate bereizgarriak emateko).

Proiektuaren helburu nagusietako bat da beroa eroaten duen fluidoaren tenperatura handitzea (gaur egun 400 gradu zentigradura iritsi dira). Hain zuzen, HITECOren helburua da 600 gradura iristea, eta, horretarako, hainbat berrikuntza egingo dituzte, hala nola eguzki-erradiazioa ahalik eta gehien xurgatzeko eta bero-galerak saihesteko estaldura berri bat sortzea.

Horrenbestez, estaldura berri bat diseinatu du IK4-TEKNIKERek, bata bestearen gainean jarritako metal-oxidozko geruzaz, metal oso islatzaile batez eta Cermet xurgatzaile batez osatua, eta, horri esker, hurbileko eguzki-espektro infragorria atzeman daiteke, ikusgaiaz gain.

Gainera, estaldurak lau metroko hodietan jalkitzeko makina bat sortu du zentroak. Berrikuntza hori giltzarria da garatutako teknologia estandarizatzeko eta serieko produkzio batera berme osoz eramateko.

Sistemak hamabi metro luzeko huts-ganbera bat eta lau lurrungailu ditu. Mota horretako estalduretan, oso garrantzitsua da geruzen lodiera kontrolatzea. IK4-TEKNIKERek garatutako sistemak bost nanometroko lodiera homogeneoa lortzen du hodiaren perimetro eta luzera osoan.

HITECO proiektuan garatutako berrikuntzak praktikan jartzeko, instalazio pilotu bat eraikitzen ari dira partzuergoko kideak, eta, instalazio horretarako, estaldura aurreratua duen 100 metroko hodi bat egingo du IK4-TEKNIKERek.

Proiektuaren emaitzek lagunduko dute eguzki-energiako instalazio horien fabrikazio- eta mantentze-kostuak txikitzen. Halaber, beroa energia bihurtzeko prozesuaren eraginkortasuna hobetzea espero da, kolektoreen laneko tenperatura igota. Horri guztiari esker, posible izango da eguzki-energia ustiatzeko instalazio gehiago sortzea eta energia berriztagarri horren kontsumoa handitzea.

This project has received funding from the European Community's Seventh Framework Programme (FP7-ENERGY-2010-1) under grant agreement n° 256830.