BUELTATU

ALBISTEAK

eHealth-i buruzko Nazioarteko Mintegia. Teknologia-nahasketa bat osasunaren zerbitzura

IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak bere ikuskera diziplina anitzekoa eta arlo horretako azken garapenak aurkeztu ditu Bilbon, Connected Health nazioarteko worshopean.

Osasun-zientziei aplikatzen zaizkien teknologiarik aurreratuenak dituzten enpresetako batzuk elkartu dira han.

IK4-TEKNIKERreko Teknologia Sozialeko eta Osasuneko arloaren koordinatzaile Patricia Caslak nazioarteko goi-mailako zenbait enpresaren ordezkariekin partekatu du atrila, Google, Oracle eta Orangeren ordezkariekin besteak beste; berrikuntza eta urrutiko monitorizazioa izan ditu ardatz haren hitzaldiak.

Euskal zentroak osasunaren arlorako hurbilketa diziplina anitzeko bat dauka, zenbait arlotako azken aurrerapenak —sistema adimendunak, robotika, mikro eta nanoteknologiak eta mekatronika, besteren artean— konbinatzen dituzten irtenbideak eskaintzen dituena. Haren garapenen artean, odol-laginen analisi aurreratuak egiteko gailuak, digestio-sistemako gaitzak detektatzeko txip nanoteknologikoak, laguntza-robotak eta pazienteak kontrolatzeko plataforma informatikoak daude.

Lau ikerketa-laborategi

IK4-TEKNIKERek lau ikerketa-laborategitan antolatzen ditu osasun-arloko bere garapenak: laguntza robotikoa, ingurumen-ikuspegia eta -teknologia; elektronika eta haririk gabeko komunikazioa; mikroteknologiak eta nanoteknologiak; eta ekoizpen aurreratuko prozesuak. Proiektuetako askoren ezaugarria da askotariko esparruetako teknologiak irtenbide berean egokitzea.

Mintegia

Connected Health 2012 mintegiak beste gai batzuk landu ditu; tartean, hauek: “mHealth teknologiak edo osasuna mugimenduan”, “Elkarrekintzaren erronkak” eta “pazientearen esperientzia”.

Ándago enpresak antolatzen eta Continua Health Alliancek sustatzen duen mintegi hori Continua Plugfest #015en atarikoa izan da. Teleosasunaren industriako enpresen arteko truke profesionalerako topaketa hori ere Bilbon izango da.