BUELTATU

ALBISTEAK

Marcello Conte, IK4-TEKNIKERreko ikertzailea, 2012ko Frank P. Bussick sariduna

IK4-TEKNIKERreko ikertzailearen “Performance and Behavior of Seals for Pneumatic Spool Valves” artikulua saritu du Society of Tribologists and Lubrication Engineers (STLE) erakundeak.

Marcello Conte. Tribologia Unitatea

IK4-TEKNIKERko Tribologia Unitateko ikertzaile Marcello Conteri 2012ko Frank P. Bussick saria eman dio Society of Tribologists and Lubrication Engineers (STLE) erakundeak, “Performance and Behavior of Seals for Pneumatic Spool Valves” artiluluarengatik.

Frank P. Bussick sariaren bidez, "zigilatze-sistemei, teknologiari eta materialei buruzko txosten tekniko bikainak" aitortzen ditu STLEk. Aurten, hautaketa-prozesu xehe baten ondoren, erakundeko zuzendari-batzordeak Conteren artikulua saritzea erabaki du. Artikulu hori 2011n argitaratu zen lehenengoz, Tribology Transactions aldizkariaren 54. zenbakian. Testuan, 2009. urtean Turingo Politeknikoan egindako doktore-tesiaren emaitzak biltzen ditu.

2012ko maiatzaren 8an, Conte STLEren hurrengo urteko bilerara joango da, Saint Louisera (Missouri, AEB), saria jasotzera. IK4-TEKNIKERren, Amaya Igartua doktoreak zuzentzen duen Tribologia Unitateko kidea da Conte. Talde horrek esperientzia zabala du tribologian, eta Europako onenetako eta osatuenetako bat dela jotzen da.

IK4-TEKNIKERreko Tribologia Unitateak bezero ospetsuak ditu, adibidez, CAF, Gamesa, Fagor, Airbus, Ford eta Fiat. Unitatearen jardun nagusiak hauek dira: materialen ikerketa, gainazalen ingeniaritza, polimeroen eta hutseko tribologia, eta motorren eta beste osagai batzuen optimizazioa (adibidez, kojineteena, errodamenduena eta engranajeena).

IK4-TEKNIKERreko Tribologia Unitatearen espezializazio-maila oso handia da. Horri esker, Ikerkuntza Nuklearrerako Europako Erakundearen (CERN) konfiantza irabazi du, eta nazioarteko proiektu industrial batean elkarrekin lanean ari dira gaur egun.

IK4-TEKNIKERren bezeroentzako ikerketa- eta berrikuntza-lana ez ezik, irakaskuntzaren alorrean ere badu konpromisoa unitate horrek. Lankidetza aktiboan jarduten du EHUko Ingeniaritza Eskolarekin; Ingeniaritza Mekanikoko doktoretza-masterreko ikasleen tribologia-ikastaroan, zigilatze-sistemei buruzko klase bat ematen du urtero.