BUELTATU

PROIEKTUAK

UNAMUNO //
Prezisio handiko makina ari da garatzen IK4-TEKNIKER Unamunorentzat

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak “Maxima 9-65” makina-erreminta ereduari aplikatutako eboluzio teknologiko bat sortu du.

Eredua da Unamuno enpresak merkaturatua duen ardatz askoko tornu bat, prezisioko dekoletaje bidezko piezak ekoiztekoa, eta eboluzioa, berriz, ekoizpena bizkortu eta merkatu egiten duen diseinu berritzailea.

Unamunoren eta IK4-TEKNIKERren arteko lankidetzaren hasiera da garapen hau, eta Unamunoren “Maxima 65” makina-multzoaren azken eboluzioari diseinu modularra aplikatzean datza.

Diseinu berria “Maxima 9-65” ereduan integratu da, eta hainbat eredutan erabil daitezkeen piezak ditu; kostuak baxu atxikitzen eta ekoizte-denbora murrizten laguntzen duen aurrerapauso bat da hori.

“Maxima 9-65”-ek, gainera, tresnen bizialdia kontrolatzeko sistema berritzailea dauka, bai eta ezein langileren kontrolik gabe bere kasa funtzionatzeko kontrol-zerbitzua eta beharrezko sentsoreak ere. Azkenik, bezeroaren telefono mugikorrera alarma-seinaleak bidaltzen dituen sistema bat eta makina eraginkorrago kontrolatzeko bideo-kamara sistema bat dauzka ereduak.

“Maxima 9-65” eredua, IK4-TEKNIKERrek eta Unamunok elkarlanean garatua, Erresuma Batuko Burnett & Hillman enpresak erosi du. Egokigailu hidraulikoak fabrikatzen espezializatuta dago enpresa hori, eta egokigailu hexagonalen produkzioa hobetzeko erosi du.

IK4-TEKNIKERren eta Unamunoren teknologiari esker, enpresa britainiarrak produkzio-denbora laburragoak lortu ditu, eta horrek, makinak aldi berean hiru tresnekin jarduteko ahalmenarekin batera, emaitzetan hobekuntza nabarmena ekarri dio.