BUELTATU

PROIEKTUAK

URA //
Teknologia uraren kalitatearen zerbitzura

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak teknologia aurreratua eta bere jakintza teknikoa erabili ditu Sestaoko araztegian tratatzen diren hondakin-uretan dauden kutsatzaileei buruzko azterketa xehatu bat egiteko.

Zentro teknologikoak gomendatu du uretan dauden produktu farmazeutikoen eta beste kutsatzaile sortu berri batzuen ingurumen-inpaktu onargarria definitzeko.

Araztegiek, egunero, eskuarki neurtzen ez diren produktu kimiko natural edo sintetikoen hondar ugari jasotzen dituzte hondakin-uretan nahasita. Teknikoki, kutsatzaile sortu berri moduan ezagutzen dira.

Kutsatzaile sortu berriei buruzko informazio gehiago eta hobea izateko, teknika analitiko aurreratuetan aditua den IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak teknika horiek erabili ditu kutsatzaile sortu berriek saneamendu-sarean duten agerpenari buruzko azterketa xehatu bat egiteko. Azterketa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Sestaoko Galindo araztegian egin da, urak tratatu aurretik nahiz ondoren.

Azterketa Uraren Euskal Agentziaren finantzaketari esker egin ahal izan da, baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa uraren azterketak egiten aitzindari izateari esker ere. Biek ala biek IK4-TEKNIKER zentro teknologikoarekin lan egiteko aukera eman dute, eta zentro teknologikoak haien esku jarri du arlo horretan duen teknologia aurreratua, Espainian maila horretan egin diren azterketa gutxitako bat egiteko. Zehazki, likido- eta gas-kromatografiako teknikak (nahaste konplexuak bereizteko metodo fisikoak), karakterizazio-metodo aurreratuak eta kutsatzaileen azterketa xehatua egiteko abangoardiako teknologiak erabili ditu euskal zentroak (adibidez, kromatografia-zutabeak, masa-espektrometroak eta iragazte- eta erauzketa-teknika berrienak).

Hirietako etxeko hondakin-urak, industrien hondakin-urak eta ospitaleetako hondakin-urak tratatzen dira Galindoko Hondakin Uren Araztegian, eta 1,5 milioi biztanleren karga kutsatzailea jasotzen du.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak egindako azterketaren emaitzek erakusten dutenez, produktu kimiko asko kentzen dira arazketa-prozesuan. Baina prozesu horrek ez du eraginik produktu batzuetan, eta produktu horiek izaki bizidunengan zer eragin duten ez dakigunez, eta haiei buruzko legerik ez dugunez, komeni da hobeto ezagutzea.

Hori dela eta, IK4-TEKNIKER zentro teknologikoaren azterketak gomendatzen du jatorrian konposatuen igorpena murrizteko eta ingurumenean duten agerpena arautzeko, herritarrak kontzientziatuz. Eginkizun horiek errazteko, kutsatzaile sortu berrien sailkapen bat eta ingurumen- eta denbora-faktoreen korrelazio bat ere egin ditu zentro teknologikoak, haien jatorriaren iturriak aztertzeko.

Ingurumen-inpaktua

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoaren iritziz, produktu farmazeutikoen eta beste kutsatzaile sortu berri batzuen ingurumen-inpaktu onargarria definitu behar da. Produktu horiek ez dute ingurumen-ebaluaziorik egin beharrik merkaturatu aurretik, eta gizakiarentzat seguruak diren arren, ez da erabat definitzen zer inpaktu duten ingurumenean.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak hondakin-uretan dauden produktu kimikoak hautemateko baliatutako metodoak teknika analitiko hauek erabili ditu: gas-kromatografia, masa-detektagailua duena, eta likido-kromatografia, masa-detektagailu koadrupolo hirukoitza duena. Gainera, laginen karakterizazioak egiteko, uraren parametro ugari aztertu dira; adibidez, pH-a, oxigeno-eskaera biologikoa eta metalen kopurua. Emaitzek erakutsi dute hondakin organikoez gainera, botika arrunten hondakinak (adibidez, ibuprofenoa), higiene pertsonaleko produktuak eta droga-hondakinak dituela urak.

1990ean, Galindoko araztegiaren lehen fasea martxan jarri zen. Araztegiak, egun, hondakin-uren 350.000 metro kubiko prozesatzen ditu egunean, eta gehienezko emaria 12.150 l/s da. Sestaoko araztegian, hondakin solido handienak kentzen dira hasteko. Gero, dekantazio primarioko andeletan, uretan esekitako materia organikoa hondoan sedimentatzen da, lokatz moduan. Hurrengo urratsean, azkenekoan, tratamendu biologiko bat aplikatzen da, karbonoa eta nitrogenoa dituzten materiak kentzeko. Prozesu horretan lortzen diren lokatz primario eta biologikoak erraustu egiten dira, energia lortzeko.

Araztegiko tratamenduak lortzen du kentzea, oso ehuneko handian, bestela uren ibilgura berriro iragazten diren legez kontrako drogak, analgesikoak, hormonak eta antilipidikoak. Baina beste produktu batzuek erresistentzia handiagoa diote arazketa-prozesuari; esaterako, antsiolitikoek eta antibiotikoek.

IK4-TEKNIKER, teknologia jasangarria

Eibarko zentroak ekologiaren eta ingurumen-jasangarritasunaren arloan egiten duen lanean kokatzen da IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak proiektu honetan duen parte-hartzea. Lan horren bidez, garapen ekologikoak egiten ditu bere espezializazio-arloetan. Horri esker, sektore ugaritan aplika dezake teknologia jasangarria; adibidez, automobilgintzan eta garraioan, baita, halaber, energian eta industria-ekoizpenean ere.

Egun IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa arlo horretan egiten ari den garapenen artean, aipatu berri ditugun aplikazioetan osoko eragin horizontala duen jarduera-ildo bat dago. Nabarmentzekoak dira hauek: fluido ekologikoen formulazioa, formulazioetatik osagai toxikoak kentzea, hondakinak (glizerina, adibidez) lehengaitzat erabiltzea konposatu berriak egiteko, estalduretatik konposatu toxikoak kentzea, hainbat produkturen bizi-zikloak ingurumenean duen inpaktua minimizatzea, makina-erreminten ekodiseinua edo uraren kudeaketako jasangarritasuna.

Teknologia aplikatuaren ikerkuntzan eta hura enpresetan transferitzen ia 30 urteko esperientzia izanik, IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak espezializazio-maila altua lortu du lau eremu handitan (Doitasun Ingeniaritza eta Mekatronika, Gainazalen Ingeniaritza, Ekoizpen Ingeniaritza eta Automatizazioa eta Fabrikazio Teknologiak), eta, horri esker, bere abangoardiako teknologia edozein lanen zerbitzura jar dezake.