BUELTATU

ALBISTEAK

"Jende askok Newteki esker izan du IK4-TEKNIKERen eskaintza teknologikoaren berri"

Duela gutxi 25 urteko ibilbidea eginda eta 100. zenbakira heltzear dagoela, Newtek aldizkaria eraldatzeko eta garai berrietara egokitzeko garai bete-betean dago.

Javier García. Harreman Instituzionalen Zuzendaria

Berrikuntza hori dela eta, IK4-TEKNIKERen buletinak bere jatorriari so egin dio. Zeregin horretarako, ez dago inor hoberik Javier García baino, hark zuzendu baitzituen Newteken pausoak sortu zenetik heldu zen arte.

Newtek berritu egin da 100. zenbakira heltzear dagoen honetan. Zer azterketa egiten duzu ibilbide horri buruz?

Newtek 1986ko apirilean kaleratu zuen lehen zenbakia. Ordutik, IK4-TEKNIKERen jarduerei eta eskaintzari buruzko aldian behingo informazio osatua eman du aldizkariak. Nire ustez, ibilbidea hain luzea izanik, nolabaiteko konplizitatea eta leialtasuna sortu da hainbat enpresaren eta erakunderen artean, eta haien artean komunikatzeko tresna bihurtu da. Zalantzarik gabe, harro sentitzeko modukoa da Newtek izatea Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideek argitaratzen dituzten aldizkarietatik zenbaki gehien dituena.

Zer ekarpen egiten dio Newtekek IK4-TEKNIKERi barneko nahiz kanpoko irismenari dagokionez?

Barruan, IK4-TEKNIKEReko ikertzaileek eta gainerako langileek erakundearen eta haren ekimenen ikuspuntu holistiko bat —lan egiten duten unitateko ikuspuntu mugatutik haragokoa, alegia— izateko balio du.

Zehazki, aldian behingo komunikabide baten ahalmena du. Horrek esan nahi du aldizkaria irakurtzen —edo, gutxienez, izenburuak gainetik begiratzen— dituztenek zentroaren nondik norakoari buruzko ideia eguneratua izango dutela. Jakin dudanez, jende askok Newteken bidez izan du eskaintza teknologiko interesgarri baten berri; horri esker, beren behar teknologikoetarako erantzunak aurkitu dituzte. IK4-TEKNIKERi, berriz, kontratazio berriak egiteko balio izan dio.

Noren ideia izan zen Newtek? Eta nola sortu zen? Kontatu iezaguzu argitalpenaren hasierako pasadizoren bat.

Newtek martxan jartzeko ideia (hasieran ez zuen goibururik) Iñaki Goenaga IK4-TEKNIKERen sortzaile eta zuzendari nagusiarena izan zen. Zentroaren irudia kanpoan indartzea nahi zuen; izan ere, garai hartan, zentroak ikuseremu mugatua zuen artean, Eibarko eskualde-eremukoa.

Akats barregarri batzuez gain —gogoan dut lehen zenbakietako batean “elementos fritos” esan zela “elementos finitos” esan beharrean—, pasadizoetan zabalduena zera da: ikertzaile batek bere espezialitateko zerbait ziurtasun osoz esaten bazuen, txantxa-isekaz eskatzen zitzaion irmotasunez baieztatu aurretik Newtek irakurtzeko.

Zein da informazio teknikoaren zorroztasunaren eta informazioaren eskuragarritasunaren arteko orekari eusteko formula?

Egia esan, erronka handia izan da beti aldizkariarentzat zorroztasun teknikoari eustea eta helmugako jendeak ulertzeko moduan idaztea. Izan ere, soiltasuna oinarri izanda baina, halaber, zuzentasun zientifiko-teknologikoa abiapuntu izanda bakarrik mantendu daiteke halako argitalpen bat. Hasiera batean, aplikazioak nabarmendu izan dira beti; enpresak edo gizarteak gure garapenei esker lor ditzaketen onurei eman izan zaio garrantzia. Hala, askoz errazagoa da denengana iristea. Baina, jakina, artikulu mamitsuak ere idatzi behar ziren tarteka, sektore jakin batzuekin pentsatuz.

XXI. mendean, norabide anitzeko komunikazioa nagusi den eta langileek enpresari buruzko informazioaren komunikatzaile garrantzitsuak diren testuinguru honetan, zer rol dute enpresetan Newtek-ek eta antzeko buletinek?

Newtek aldizkaria eta halakoak jeneralistak dira izatez, eta, beraz, erabat bateragarriak dira ikertzaileek edo zentroko unitateek bitarteko elektronikoetan izan lezaketen komunikazio-elkartruke espezializatuagoarekin.