BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

I+D en la Makina-erremintako I+G, Asiako lehiari aurre egiteko

Espezialistaren iritzia. Javier Arzamendi.

Javier Arzamendi

Makina-erremintaren definizioak, Makina Erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkartearen (AFM) arabera, askotariko makinak hartzen ditu bere baitan, baina denek dute ezaugarri bat: makina horiek guztiak produktuak edo produktu-zatiak fabrikatzeko dira, eta produktu horiek gehienetan metalikoak izaten dira, baina ez beti. Esaten da makina-erremintak makina ama direla, makina guztiak fabrikatzeko gai direlako, baita beraiek bezalako makinak ere.

Makina-erreminta mota asko dago, hasi tornu soiletatik eta mekanizazio-zentro konplexuetara. Milimetro baten frakzio bateko piezak egiten dituzten makinetatik hasi, eta dozenaka metroko piezak egiten dituztenetara.

Europako fabrikatzaileen merkatu-kuota globala gainbehera doa, argi eta garbi. 2011. urtean, % 30ekoa zen eta 20.000 milioi euro inguruko balioa zuen, Makina Erreminten Europako Fabrikatzaileen Elkartearen (CECIMO) arabera.


Makina-erreminten munduko merkatuaren banaketa (iturria: CECIMO)


Europako makina-erreminten salmentaren bilakaera (iturria: CECIMO)


Sektoreak gainbehera handia izan zuen 2009. eta 2010. urteetan, aurreko urte bikainekin alderatuta; hala ageri da aurreko grafikoetan. 2011n eta 2012an, berriz, hobekuntza txiki bat sumatzen da.

Espainiako merkatuan, egoera Europakoa baino larriagoa da. Nazioarteko krisiari barruko merkatuaren gutxiagotze are bortitzagoa gehitu behar zaio. Espainiako makina-erreminta fabrikatzaileen esportazioen ehunekoa, berez oso altua dena (ekoizpenaren % 80ra iristen da), handitu egin behar da biziraupen-bideragarritasunik lortuko bada.

Gaur egun, nabarmen lekualdatu da makina-erreminten ekoizpena eta kontsumoa Asiako herrialdeetara. Txina da, dagoeneko, makina-erreminten ekoizle handiena eta, nola ez, kontsumitzaile handiena.

AFMk orain dela gutxi Txinara egindako bidaia batean, ikusi dugu "Txinako makinak, merkeak eta txarrak" leloa ez dela egia. Ikusitako ekoizte-bitartekoek eta ekoitzitako makinek maila ona dute. Azken aldian Good enough deritzan maila dute, alegia: nahikoa. Oro har, haien barne-merkaturako egindako makinak dira, eta merkatu horretan maila teknikoa ertaina da eta prezioak oso lehiakorrak.

Europako fabrikatzaileek ezin dute haiekin prezioan lehiatu. Azken urteotan, Espainiako ekoizleek tamaina handiko makinetan bilatu dute beren aukera (gero eta makina handiagoetan), garapen bidean dauden sektoreek bultzatuta (energia, aeronautika, itsasokoa...), gero eta pieza handiagoak mekanizatzeko beharra baitute. Banaka egiten dira makina horiek. Asiako fabrikatzaileek serieko makinak ekoiztera bideratzen dituzte beren ahaleginak, eta ez dute oraindik halakorik egiten.

Zoritxarrez, Asiako gero eta ekoizle gehiagok dute makina handiak ekoizteko ahalmena (Korea, Txina...), nahiz eta, oraingoz, Txinako merkatua soilik hornitzen duten.

Ohiko merkatuek gero eta makina handiagoak eskatzen dituzte, gero eta produktiboagoak, doitasun handiagokoak eta entrega-epe laburragoarekin.

Lehiakide handienak punta-puntako fabrikatzaileak dira (hala nola Alemaniakoak, Japoniakoak eta Suitzakoak); oso teknologia aurreratuko makinak eskaintzen dituzte (smart machine edo makina adimendun direlakoak).

Makina gero eta adimentsuagoak egitea da Espainiako fabrikatzaileek gaur egungo merkatu-kuotari eusteko irtenbideetako bat. Ildo horretan, proiektu bat aurkeztu da Etorgai 2012 deialdian: Imaghine. Proiektu horren burua Goratu da, makina-erreminta fabrikatzaile nagusiek parte hartzen dute, eta gidaritza teknikoa IK4-TEKNIKERek eta IK4-IDEKOk egingo dute. Bi teknologia-zentro horiek badute eskarmentua sektore horretan, eta erabateko onarpena dute.

Hain zuzen, IK4-TEKNIKEReko lantalde batek 25 urtetik gora daramatza alor horretan lanean. 2011n, sektore horretako 24 enpresari egin zaizkio zerbitzuak, eta proiektu industrialetan hiru milioi eurotik gora fakturatu dira.

IK4-TEKNIKERek sektore horri eskaintza zabala egiten dio, baina lau multzotan sailka daiteke:

  • Makina-erreminten diseinua eta fabrikazioa
  • Kalkulu eta simulazio aurreratua
    • Kalkulu eta simulazio zinematikoa, estatikoa, dinamikoa eta termikoa
    • Gorputz anitzeko sistemen simulazioa
  • Erregulazioa eta kontrola
  • Entsegu dinamikoak eta dimentsio-metrologia

Azkenik, IK4-TEKNIKERek sektore horrekin duen konpromiso irmoa erakusteko, teknologia-zentroaren ezaugarri hauek nabarmendu ditzakegu:

  • 25 urte baino gehiago daramatza makina-erremintaren zerbitzuan
  • Onarpen egiaztatua du sektorean
  • Makina-erremintako proiektu adierazgarrietan parte hartu du: Cenit eEe, Next, Etorgai Hiperion, Impeler, Eumecha, Teams, Mantys…
  • Kideak ditu makina-erremintaren clusterreko teknologia-batzordean eta makina-erremintaren biltzarreko batzorde antolatzailean
  • AFMk Japoniara, Koreara, AEBra, Txinara eta abarretara egindako bidaietan parte hartu du
  • Ekipo-ondasunen Espainiako behatokian parte hartzen du
  • Lankidetza estuan jarduten du AFM/INVEMArekin
  • Makina-erremintako garapen askoren aitzindaria da Espainian: motor linealekiko lehen fresatzeko makina, lehen fresatzeko makina ultradoia, eragingailu elektrikoekiko lehen injenktorea, bost askatasun-graduko makina zinematiko paraleloa, eragingailu magnetikoen lehen ekoizlea, eta abar.