BUELTATU

PROIEKTUAK

Robotak ETEen zerbitzura

IK4-TEKNIKERek robot industrialak errazago programatzeko sistema berri baten zerbitzura jarri du robotikaren eremuan duen teknologia guztia.

IK4-TEKNIKERek robot industrialak errazago programatzeko sistema berri baten zerbitzura jarri du robotikaren eremuan duen teknologia guztia, programazioa delako robotika enpresa txiki eta ertainetan erabiltzeko oztopoetako bat.

Euskadiko teknologia-zentroa da Easypro proiektuko burua. Proiektu horrek milioi erdi euro inguruko aurrekontua du, eta Europar Batasunaren VII. esparru-programak finantzatu du. Proiektuaren asmoa, berriz, robot industrialak eskuz gidatutako sistema baten bidez programatzen laguntzeko sistema bat garatzea da. Iaz jarri zen martxan proiektua, eta aurten bukatuko da uda eta gero. Proiektuan, gidatze-gailua eta ibilbideak zehatz ezartzeko 3Dko ikusmen artifizialeko sistema garatuko dira.

Proiektu honetan, IK4-TEKNIKERrek robotak egiten dituen COMAU enpresarekin eta CNR-ITIA ikerketa-zentroarekin batera egiten du lan (biak Italiakoak), proiektua koordinatzen du, eta ikusmen-sistema eta ibilbideak automatikoki sortzeko sistema garatzeko ardura du.

Easypro proiektuarekin lortu nahi da robot industrialen programazioa ahalik eta errazena izatea, ibilbideen sorrerako doitasun-ezaugarriak kaltetu gabe. Horregatik konbinatzen ditu, batetik, robotaren ardatz batean kokatutako gailu bat, robota natural gidatzeko aukera izateko, eta, bestetik, 3Dko ikusmen-sistema bat, ibilbide zehatzak lortzeko. Programazioaren bidezko mota horretako konponbideak oso interesgarriak dira piezaren CAD diseinua ez dagoenean (CADek programazioa lineaz kanpo egiteko aukera ematen dute), puntuz puntuko programazioaren ordez erabiltzeko, soldatze-eragiketetan, laser bidezko estalduran (laser cladding), pintatze-lanetan eta abarretan.

IK4-TEKNIKERek landutako konponbideen lehen bertsioak prest daude, eta Easypro proiektuaren sustatzaileak emaitzak integratzen eta balioesten ari dira orain.