BUELTATU

ALBISTEAK

3Dko teknologia makina-erreminta handien doitasuna hobetzeko

Makina-erreminta handietan kokapena bolumetrikoki egiaztatzeko sistema berri bat garatzen ari da IK4-TEKNIKER

Makina-erreminta handietan kokapena bolumetrikoki egiaztatzeko sistema berri bat garatzen ari da IK4-TEKNIKER, egiaztapen geometriko osoko sistemen enpresen eskari gero eta handiagoari erantzuteko asmoz.

Gaur egun, osagai handiak doitasun handiz fabrikatzeko, makina txikien doitasunei eutsiz diseinuak beste eskala batean egin behar izaten dituzte makina-erreminten fabrikatzaileek. Makina horiek prestatzeko eta egiaztatzeko, normalean erabiltzen direnak baino sistema sofistikatuagoak erabili behar dira, lan-bolumen osoan egiaztatu behar baita makinaren jokabidea.

Euskal teknologia-zentroak garatutako sistemak 3Dko teknologia erabiltzen du kokapena zehatz neurtzeko, eta landa-neurketako tresna berrienak erabiltzen ditu (Leica etxeko AT901-MR laser trackerrak eta Wyler etxeko BlueLEVEL nibelak), multilaterazioan oinarritutako eskema sendo bat euskarri dutela.

Hala, zerbitzu aurreratu bat lortzen da, bizkor exekutatzen dena, eta kokapen-errorea makinaren bolumen osoan bereizteko gai dena, eta neurketa-ziurgabetasuna aplikazioen beharretara egokitzen da.

Makinaren kokapena egiaztatzeko behar den denbora murriztu denez, emaitzak egonkorragoak dira eta kostua txikiagoa da. Neurketetatik parametro geometriko multzo bat lortzen da (zuzentasunak, ortogonaltasunak, kokapen linealak). Datu horiekin, hobeto uler daiteke makinaren jokabidea, baita konpentsazio-sistema bat elikatu ere.