BUELTATU

PROIEKTUAK

Robotika industriala paketatze-estazioetarako

CustomPacker proiektua: kontsumo-elektronikako produktuak automatikoki paketatzen dituen estazio bat garatzeko.

IK4-TEKNIKERek Europako CustomPacker proiektuan parte hartzen du. Proiektu horri 3,8 milioi euro esleitu zaizkio, kontsumo-elektronikako produktuak automatikoki paketatzen dituen estazio bat garatzeko.

Kontsumoko gai elektronikoen sektorearen ezaugarri bat da oso-oso lehiakorra izatea. Horregatik, ekoizpen- eta paketatze-kostuak murriztean jarri dute arreta fabrikatzaileek. Gaur egun, eskuz paketatzen dituzte produktuak plater-ikuzgailuen, telebisten, txigorgailuen nahiz mikrouhin-labeen ekoizleek. Produktu bakar baten sorta handiak prozesatzen dituzten ekoizpen-lerroek soilik automatizatu dute paketatzea.

Europako merkatuan elektronikako salgaien paketatzearen automatizazioa areagotzeko teknologiak sortzeko, CustomPacker proiektua jarri da martxan, EBko VII. esparru-programaren bidez finantzatua. Proiektu horren helburua da tamaina ertaineko eta handiko produktu pisuen paketatzea automatizatzeko laguntzaile robotizatu bat garatzea eta langileekin koordinatuz martxan jartzea.

Paktatze-estazio malgu bat garatu nahi dute IK4-TEKNIKERek parte hartzen duen proiektu horretan, produktu askotarako balio duena, eta langileen eta roboten arteko koordinazioa optimizatzen duena. Makinek eta langileek elkarrekin lan egiteko modu horrek zabaldu egingo du langileen eta robot industrialen arteko lankidetza-esparrua.

Proiektuaren emaitza Loewe etxeak Kronach-en (Alemania) duen lantegian ezarriko da, probatzeko. Itxuraz, kontsumo-elektronikaren sektoretik harago doa haren aplikazioaren potentziala. CustomPackerren arduradunen ustez, orain egiten ari diren prototipoak industriako beste sektore batzuetan erabili ahal izango dira etorkizunean.

Gaur egun, Municheko Unibertsitate Teknikoko instalazioetan, paketatze-estazioaren prototipo bat prestatzen ari dira, maiatzean Alemaniako hiri horretan egingo den Automatika azokan erakusteko.

Proiektua osatzen duen erakunde-partzuergoan, paketatze-estazioa garatzeko behar diren teknologietan esperientzia handia duten erakundeak daude. Hala, CustomPacker unibertsitate, erakunde teknologiko eta Alemaniako, Austriako, Finlandiako eta Espainiako enpresa batzuek osatzen dute; horien artean daude produktu elektronikoak ekoizten dituen Alemaniako Loewe etxea eta Finlandiako VTT Research Centre institutu teknologikoa. IK4-TEKNIKER Euskadiko zentroak pintza mekaniko bat garatu behar du, kontsumo-ondasun hauskorrak manipulatzeko (adibidez, telebistak). Pintza hori paketatze-estazioan txertatuko da gero.

Gizakien moldagarritasuna eta roboten doitasuna

Proiektua 2010ean jarri zen martxan, 3,8 milioi euroko aurrekontuarekin (horietatik ia milioi erdi bat euro IK4-TEKNIKERi dagozkio), eta 2013ko udan amaituko da. Helburu nagusia da ekoizpen-lerro mistoetako paketatzea automatizatuz ekoizpen-zikloaren iraupena murriztea, eta, horrekin batera, enpresaren kostuak ere murriztea. Sistema honi esker, zenbait ekoizpen-lerro paketatze malguko estazio gutxi batzuetan elkartu ahal izango dira. Gainera, segurtasun-estandarrak mantentzeko ez ezik hobetzeko asmoa ere badu proiektuak.

Horretarako, langileen moldagarritasun handia eta roboten doitasuna eta salgai pisuak garraiatzeko ahalmena elkartu nahi dira, eta paketatze-estazio oso malgu, eraginkor eta efikaz bat egin. Proiektuan parte hartzen duten erakundeek hardware-gailuak eta software-moduluak erabiliko dituzte langilea hautemateko eta haren mugimenduei erreparatzeko. Aplikazio horiekin, ekoizpen-zikloaren iraupena murriztu egingo da, eta teknologia honen inbertsioak merezi izango du.

30 urteko eskarmentua

Teknologia aplikatuaren ikerkuntzan eta hura enpresei transferitzen 30 urteko esperientzia izanik, IK4-TEKNIKERek espezializazio-maila altua lortu du lau eremu handitan (doitasun-ingeniaritza eta mekatronika, gainazalen ingeniaritza, ekoizpen-ingeniaritza eta automatizazioa eta fabrikazio-teknologiak), eta, horri esker, edozein lanen zerbitzura jar dezake bere abangoardiako teknologia.