BUELTATU

PROIEKTUAK

Berrikuntza, estaldura ikaragarri gogorrak lortzeko

PVD (Physical Vapour Deposition) teknologia berriak industrian ezartzeko bidean, HIPIMS (High Power Impulse Magnetron Sputtering) proiektuaren garapenari esker.

IK4-TEKNIKERek berrikuntzaren bidez beste urrats bat egin du PVD (Physical Vapour Deposition) teknologia berriak industrian ezartzeko bidean, HIPIMS (High Power Impulse Magnetron Sputtering) proiektuaren garapenari esker. Teknika horiek aplikazio mekanikoetarako estaldurak egiteko erabiltzen dira, hala nola automobilgintzako osagaietan, engranajeetan eta ebakitzeko tresnetan.

PVD teknologiarekin, hutseko lurruntzea erabiliz, piezak geruza mehez estaltzen dira (dozenaka nanometrotik mikra batzuetara bitarteko geruzaz). Teknika horri esker, osagaien iraupena handitzen duten estaldura ikaragarri gogorrak lor daitezke. Gainera, material baten gainazaleko propietateak aldatzeko aukera ere ematen du, eta, hala, nahi diren funtzionalitateak lortzekoa; esate baterako, korrosioarekiko eta urradurarekiko erresistentzia.

HIPIMS proiektuan, lurruntze-teknologia berri bat jarri nahi da martxan. Hain zuzen, lurrundutako metalaren ionizazio handiagoa eta propietate hobeak dituen geruza bat lortzen dituen teknologia bat. Potentzia handiko pultsuak denbora labur batez aplikatuta lortzen da hobekuntza hori. Prozesu horrekin, gaur egungo sputtering tekniken bidez baino gehiago ionizatzen da materiala. Horregatik ditu higaduraren edo korrosioaren kontra babesteko propietate hobeak.

IK4-TEKNIKERek, Eusko Jaurlaritzako Emaitek programari esker, orain dela bi urtetik dihardu lanean HIPIMS proiektuan, eta Espainian lehenengoz garatu du teknika hori.

Teknika horrek badu abantaila bat: ez da aldaketa handirik egin behar gaur egungo PVD makinetan ezartzeko. Desberdintasun nagusia lurrungailuen elikatze-iturria da.

Tantalo nitrurozko estaldurarekin lortutako lehen emaitzak oso onak izan dira. Prozesuaren kondizioak teknologia eta material horietarako optimizatu ondoren, geruza guztiz isotropo eta trinkoak lortu ditu IK4-TEKNIKERek. Ohiko sputtering teknikarekin ezinezkoa da horrelakorik lortzea. Bestalde, HIPIMS teknikaren bidez lurrundutako tantalo nitrurozko laginen gainean egindako korrosio-saiakuntzetan, ohiko teknologien bidezko emaitzak baino hobeak lortu dira.