BUELTATU

ALBISTEAK

IK4-TEKNIKERek plastikoak soldatzeko laser-ekipo berri bat garatu du

Ekipo hori zenbait aplikazio industrialetarako garatu da, hala nola automobilgintza, biomedikuntza eta mikrofluidikarako.

Prototipoa IK4-TEKNIKERen standean erakutsiko da, maiatzaren 28tik ekainaren 2ra Bibao Exhibition Centre-n (BEC) egingo den Makina Erremintaren Bienalean.
Ekipo hori zenbait aplikazio industrialetarako garatu da, hala nola automobilgintza, biomedikuntza eta mikrofluidikarako.

Zuntz optiko bidez gidatutako laser batekin osagai plastikoak soldatzeko teknika orain dela gutxi hasi da erabiltzen industrian, eta, metodo konbentzionalen aldean, baditu abantailak: soldatze-guneko distortsio termikoak minimizatu egiten dira, eta oso eraginkorra eta oso malgua da.

Sektore honek aplikazio industrialak ditu, besteak beste, automobilgintzan, biomedikuntzan eta mikrofluidikan, eta, beraz, potentzial handia du. Horrela, bada, IK4-TEKNIKERek WELAS proiektua garatu du: plastikoak soldatzeko laser bat da, eta askotariko osagaiak elkarri lotzeko aukera ematen du. Gainera, gailu hau soldatzeko makina batean txertatzeko prozesua jarri du martxan Euskadiko zentro teknologiko honek. Soldatzeko makina horren prototipoa lantzen ari da orain. IK4-TEKNIKERen teknologiarekin garatu da proiektu osoa, bai alde mekatronikoa, bai laserra.

IK4-TEKNIKERek egindako diseinu osoa potentzia handiko diodo-laser bat da, termoplastikoak lotzeko makina batean sartua. Gailu horrekin, soldatzeko piezak oso zehatz koka daitezke, eta manipulazioa hiru dimentsiotan egiteko aukera ematen duen kontrol-sistema baten bidez prozesatzen dira.

Teknologia berria da, eta askotariko aplikazioak ditu; esate baterako, sektore medikoan eta diagnostiko biologikoan erabiltzen diren gailu mikrofluidikoak zigilatzea. Horrelako gailuak DNAren analisia egiteko erabiltzen dira, eta aplikazio klinikoak ere badituzte. Horrez gain, osagai mikroelektromekanikoak lotzeko ere erabili ahal izango da IK4-TEKNIKERek garatutako laserra. Osagai horiek taupada-markagailuetan eta audifonoetan erabiltzen dira, besteak beste.

Teknologia hori soldaduran erabiltzeak abantaila asko ditu. Besteak beste, zigilatze-prozesuan itsasgarri kimikorik ez erabiltzea (produktua kutsatu baitezakete), soldatze-guneko eragin termiko minimoa eta soldaduraren beraren kalitate eta zehaztasun hobea.

Proiektua, Eusko Jaurlaritzaren Emaitek programak eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren teknologia-zentroen azpiprogramek finantzatua, aurten amaituko da, martxan jarri eta hiru urtera. IK4-TEKNIKERek makina-erremintaren hurrengo bienalean erakutsiko du garatutako prototipoa, Bilbao Exhibition Centre-n, datorren maiatzaren 28tik ekainaren 2ra.

Euskadiko zentro teknologikoak laguntza izan du hura garatzeko: Plastikoaren Institutu Teknologikoak (AIMPLAS) soldatze-probetan erabili diren material polimerikoak garatu ditu, eta Kantabriako Unibertsitateko Optikako Taldeak diseinu optikoarekin eta softwarearekin zerikusia duten lanetan hartu du parte.