BUELTATU

ALBISTEAK

Iñaki Goenaga gogoan eta hari eskerrak emanez

Euskadiko enpresa-sarearen eraldaketaren protagonista

Iñaki Goenaga

IK4-TEKNIKERrek eta Euskadiko enpresa- eta teknologia-sareak zentro teknologikoaren sortzailea, Iñaki Goenaga, omenduko dute, hura hil zela hamar urte betetzen direnen honetan. Omenaldia Armeria Eskolaren mendeurreneko ekitaldien barruan egingo da.

Omenaldian ikusiko den bideo baten bidez, Iñaki Goenagaren bizitzan eta lan-ibilbidean harekin harremana izan zuten hainbat lagunek haren bertuteak eta lorpenak gogora ekarriko dituzte. Euskadiko enpresa eta teknologiaren esparruan erreferentea izan zen Iñaki Goenaga.

1970eko hamarkadaren hasieran, Iñaki Goenagak Armeria Eskolan saiakuntza-laborategia sortu zuen, eta hamarkada bat geroago IK4-TEKNIKER Ikerketa Elkartea bihurtu zen laborategi hori. Laborategiaren hasierako helburua hezkuntza izan bazen ere, Eibarko eta eskualdeko industria-sarearen beharretara moldatuz joan zen apurka-apurka.

Euskadiko enpresa-sarearen eraldaketaren protagonista

Trantsizio demokratikoaren garaian, lehen Eusko Jaurlaritza sortu zenean, gobernu berriak ikuspuntu berritzaileagoa zuen ekoizpen-eredu batera aldatzearen alde egin zuen, zeinean I+G arloak garrantzia handia baitzuen. Iñaki Goenaga hasieratik izan zen aldaketa-prozesu horren protagonistetako bat. Teknologia-zentroen euskal sarea eta Tekniker Elkartea sortuz, Euskadiko enpresa-sarea modernizatzea lortu zen.

Euskal teknologia-zentroko lehen zuzendaria ere izan zen Iñaki Goenaga. Harekin bihurtu zen elkartea fundazio, 1996ko urtarrilaren 1ean. 1980ko hamarkadaren erdialdean, garai hartan ezohikoa zen enpresa-sen eta berritzeko kezka handia erakutsi zuen Iñaki Goenagak, zentroa fabrikazio-teknologietara birbideratzea erabaki baitzuen. Teknologia horiek izan dira, ordutik aurrera, zentroaren jardueraren oinarria.

Ondare handia utzi du Iñaki Goenagak, hasi Eusko Teknologi Ikertegien Elkartearen (EITE) eta Fatroniken sorreratik, eta zentroa egungo instalazioetara ekartzeraino. Iñaki Goenagak bere bizitza profesional osoan egindako lanari esker, zentro teknologikoa onbideratua dago, nortasun handikoa da, enpresen beharretatik oso hurbil dago, eta proiektuekiko konpromisoa duten langileek eta bezeroen zerbitzura dauden profesional bikainek osatzen dute.

Nabarmentzekoa da zer nolako argitasuna izan zuen Iñaki Goenagak 1992an, zentroaren jarduera doitasun-ingeniaritzara eta mikroteknologietara bideratu zuenean. Orduan osatu zen "TEKNIKER Micro Machining", gaur egun, Mikro eta Nanoteknologien sailean txertatua dagoena.

Alejandro Bengoak, IK4-TEKNIKERen zuzendari nagusiak, Iñaki Goenaga gogoratzean zera esan du: "langile nekaezina zen, eta ilusioa zabaltzen zuen". "Gizon ameslaria, xumea, eskuzabala eta hurbilekoa zen, eta izaera bereziko teknologia-zentro onbideratua utzi zigun" nabarmendu du.