BUELTATU

ALBISTEAK

Azken belaunaldiko teknologia hortzetako bracket-etan

IK4-TEKNIKER eta DM CEOSA material plastiko autoaleatuko hortzetako bracket-ak merkaturatzen dute

IK4-TEKNIKERen teknologiarekin merkaturatu dira material plastiko autoaleatuko hortzetako bracket-ak. Sektore horretan, orain arte, material autoaleatu metalikoak soilik eskaintzen ziren. Euskadiko teknologia-zentroak mikromoldeak diseinatu eta fabrikatu ditu DM CEOSA etxearentzat, hortzetako bracket-ak injekzio bidez ekoizteko.

Teknologiaren ikuspegitik, mikromoldeak ekoizteko behar den zehaztasunean datza berrikuntza handiena. Euskadiko teknologia-zentroak eman ditu beharrezko neurria zuten eta mikroinjekziorako egokiak ziren txertoak. Izan ere, IK4-TEKNIKER erreferentzia da mikroinjekzioaren teknikan.

CAMALEON bracket-gama da IK4-TEKNIKERek DM CEOSArentzat garatutako bigarrena. Lehenari HONEY zeritzon, eta arrakasta handia izan zuen tratamendu estetikoen merkatuan. Material plastiko gardena erabili da, ia ikusezina. Material hori beste segmentu batzuetan erabiltzeko aukera dago, baita produktu berriak garatzekoa ere.

Proiektu honek frogatzen duenez, euskal zentroak badu gaitasuna mikroinjekzioaren inguruan bezeroei konponbide integrala emateko. IK4-TEKNIKERen teknologiak presioa, tenperatura eta prozesuan erabilitako materiala zehatz kontrolatzeko aukera ematen du. Teknologia honen funtsezko ezaugarria da hori: mikroinjekzioa oso betetze-abiadura handian egiteko aukera ematen du, eta, hala, tenperaturari nahi den puntuan eusten zaio eta emaitza hobezina lortzen da.

Berrikuntza hori arrakasta handiz aurkeztu da oraintsu, XII. EXPODENTALen, Madrilen egiten den Hortzetako ekipo, produktu eta zerbitzuen azokan. Topaketa espezializatu hori, hortzetako sektoreko Europako nagusietako bat, 2012ko otsailaren 23tik 25era egin zen. Industria horren etorkizuna ikusteko aukera izan zen topaketan, parte hartu zuten Espainiako eta atzerriko 300 enpresen berrikuntzen bidez.