BUELTATU

ELKARRIZKETA

Berrikuntza, makina-erremintaren fabrikatzaileentzako ezinbesteko elementua

Iosu Unzueta,
GEMINISeko zuzendari nagusia

GEMINIS enpresa gipuzkoarra MAHER HOLDING industria-taldekoa da, eta makina-erremintaren sektorean garatzen du jarduera. GEMINISek, 1957tik, goi-mailako teknologiako tornu horizontalak eta prozesu anitzetarako tornuak egiten ditu, batez ere, trenen mantentze-lanak egiten dituzten tailerretarako, eta espezializazio handiko irtenbide pertsonalizatuak eskaintzen ditu. Elkarrizketa honetan, berrikuntzak makina-erremintaren fabrikatzaileentzat duen garrantziaz mintzatu da Iosu Unzueta GEMINISeko zuzendari nagusia.

1.- Makina-erreminten eraginkortasuna optimizatzeko, akats termikoak identifikatzea eta murriztea ezinbesteko urratsak dira. Zergatik dira hain garrantzitsuak?

Akats termikoek eragiten dute tornu handiek lan-baldintza arruntetan zehaztasuna galtzea. Hortaz, zehaztasuna hobetzeko, ezinbestekoa da akatsak identifikatu, kuantifikatu, erlazioan jarri eta zuzentzea.

IK4-TEKNIKERekin lankidetzan, gure makinen zehaztasuna %50 arte hobetzea ahalbidetuko digun konpentsazio termikoko eredu bat ari gara garatzen. Makinaren zati ezberdinen tenperaturak  (giro-tenperatura, buruaren tenperatura, kontrapuntuaren tenperatura, bankadaren tenperatura...) kontrolatzeko gaitasunean oinarritzen da eredu hori, eta tenperatura-aldakuntzek benetako mekanizazio-prozesuetan izaten dituzten desplazamenduak zuzentzea du xede.

2.- Berrikuntzak zer-nolako eginkizuna dauka torneaketa eta fresaketa-teknologietan eta, zehazkiago, makina handien garapenean?

Berrikuntza funtsezkoa da makineriaren fabrikatzaile guztientzat, horrexek ahalbidetzen baitigu fabrikazio aurreraturako bidean lehiakorrak izatea. Horregatik bideratzen dugu fakturazioaren %8 I+G+b-ko lanetara. Berrikuntzako estrategietan asmatzea eta eskuratutako emaitzak industrializatu eta merkaturatzea lortzea da gakoa. I+G+b-ren eremuko lan izugarriari esker, pieza konplexuak mekanizatzeko makina handiak garatu eta merkaturatu ditugu GEMINISen, prozesu anitzetarako makinak horiek, makina bakarrean hainbat mekanizazio-prozesu egiteko gai direnak (adibidez, torneaketa, fresaketa, zuzenketa eta abar).

3.- Zein balio erantsi eskaintzen dute GEMINIS LATHES torneaketa-makinetan garatu diren irtenbideek?

GEMINIS makinek bi konturen arteko oreka eskaintzen diete teknikariei: batetik, balio erantsi handiko eta akats-marjina txiki-txikiko piezak ekoizten dituen makina bat (profesional adituek bakarrik erabil dezaketena) menderatzeko poza ematen dute, eta, bestetik, makina batek eskain ditzakeen segurtasun- eta erabilgarritasun-baldintza onenetan egiten da lan. Guk “adituen harrotasuna” esaten diogu horri.

Pieza konplexuak tolerantzia zorrotzenetan fabrikatzeko eta etekin handiena ateratzeko, garrantzitsua da makina egiten ari den prozesuak hurbiletik sentitzea. Besteak beste, piezara erraz iristeak, txirbilak biltzeko irtenbide ezin hobea edukitzeak eta makinaren diseinua ergonomikoa izateak eragiten dute makina oso erabilerraza izatea.

Gainera, txertatutako 4.0 teknologiei esker lan-baldintzak monitorizatuta daudenez eta makinaren produktibitatea kontrolatzen denez, denbora errealean har daitezke erabakiak.

Horren ondorioz, teknikari aditua bere lanaz harro eta lanerako erreminta nagusiaz harro sentitzen da; hots, GEMINIS tornuaz harro.

4.- GEMINISen jarduera berrikuntzan oinarritzen da. Zentzu horretan, zer eransten du IK4-TEKNIKER bezalako ikerketa-zentro batek, ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko orduan?

Gero eta lehiakorragoa den ingurune global batean, neurria garrantzitsua da. Gure neurriko enpresa batek ez dauzka horrelako prozesuak barne-mailan jorratzeko behar besteko baliabide propioak. Eta, bestetik, ezagutza espezializatua dago. Oso zaila da askotariko lan-lerroetan askotariko ezagutza espezifikoak biltzea. GEMINISen eta IK4-TEKNIKERen arteko lankidetza estuari esker, berrikuntza teknologikoaren arloan azkarrago egin dezakegu aurrera.

5.- Duela gutxi, Makina-Erremintari buruzko Biltzarra egin da, eta, bertan, sektoreko hainbat agentek hartu dute parte. Zein sentipen izan dituzu azken biltzar horretan? Sektoreak nola egiten die aurre etorkizuneko erronkei?

Etorkizuneranzko bidean jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa da makina-erremintaren sektorea digitalizatzea eta teknologia berrietatik probetxurik handiena ateratzea. Fabrikazio aurreratua, produktibitatearen hobekuntza eta berrikuntza biltzarrean jorratu diren funtsezko kontzeptuak izan dira, eta makina-erremintaren fabrikatzaileok gogoan izan behar ditugu une oro. Biltzarrean, berrikuntzaren arloko joerak ikusi ahal izan ditugu, eta hobekuntza-aukerak identifikatu, sektorea etorkizun lehiakorrago baterako prestatzeko.