BUELTATU

ALBISTEAK

IK4-TEKNIKERek bost ponentzia aurkeztu zituen Makina-Erremintari buruzko Biltzarrean

IK4-TEKNIKERek presentzia nabarmena eduki zuen biltzarraren 22. edizioan

Zentro teknologikoak presentzia nabarmena eduki zuen biltzarraren 22. edizioan, zeina urriaren 23tik 25era bitartean egin zen, Donostian.

IK4-TEKNIKERek presentzia nabarmena eduki zuen Fabrikazio Aurreratuari eta Makina-Erremintari buruzko Biltzarraren 22. edizioan. Bada, Advanced Manufacturing Technologies-ek (AFM) antolatu du biltzarra, eta urriaren 23tik 25era bitartean egin zen, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Donostian.

IK4-TEKNIKERek modu aktiboan hartzen du parte biltzar horretan, eta bost hitzaldi nabarmendurekin hartu zuen parte oraingo edizioan. Zentro teknologikoko ikertzaileek beren berritasunak aurkeztu zituzten, eta “fabrikazio aurreratuaren digitalizazioarekin” eta “fabrikazio gehigarria eta aerotrend-ekin” zerikusia daukaten askotariko alderdiak jorratu zituzten, biltzarraren bi gai nagusietakoak baitziren horiek.

Biltzarrean, gainera, Javier Arzamendi zentro teknologikoko teknologiako zuzendariordeak hartu zuen parte, 17 urte baitaramatza biltzarraren batzorde zientifiko teknikoan. Aurten, “Makina-erreminta eta bere osagaiak” izeneko saioa gidatu zuen, urriaren 24an.

Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu zuen biltzarra, eta bi atal izan zituen: bata dibulgaziokoa izan zena, eta bestea zientifiko-teknikoa izan zena, eta ikus-entzule espezializatu bati zuzenduta egon zen. Bada, foro horretantxe hartu zuten hitza IK4-TEKNIKEReko adituek.

Produktibitate handiko laser bidezko mikrozulaketarako makina

“Produktibitate handiko laser bidezko mikrozulaketarako makinaren diseinua, sektore aeronautikorako” izenekoa izan zen ponentzia garrantzitsuenetako bat, horren bidez aurkeztu baitzen Hyperdrill makinaren garapena: laser bidezko teknologian oinarritutako makina da, eta hegazkinen isats-egonkorgailuetan kokatzen diren neurri handiko panel mikrozulatuak fabrikatzeko balio du. Makina, zeina Bremer Institut Fur Angewandte Strahltechnik (BIAS) zentro teknologiko alemanarekin eta Aernnova enpresarekin elkarlanean garatu den, 5000 x 2000 x 0.8 mm-rainoko titaniozko panelak prozesatzeko prest dago, eta 300 zulo baino gehiago egin ahalko ditu segunduko. Espero denaren arabera, industria-ingurune batean baliozkotu eta probatuko da. Makinak HLFC (Hybrid Laminar Flow Control) motako egiturak fabrikatzen lagunduko du, eta, ondorioz, baita hegazkinaren erregai-kontsumoa %10 murrizten lagunduko ere. Urriaren 24an aurkeztu zen ponentzia, “Fabrikazio aurreratuari eta aerotrend-ei” buruzko saioan, eta “Enpresa batek aurkeztutako ponentzia berritzaileenarentzako saria” irabazi zuen.

Fabrikazio gehigarria

IK4-TEKNIKERek fabrikazio gehigarriari buruzko bi ponentzia aurkeztu zituen. Lehenengoa, “Kamera infragorriaren bidezko monitorizazio eta kontrol termikoa, laser bidezko euskarri-teknikarekin (LMD) egindako piezen fabrikazioan” izenekoa, “fabrikazioaren digitalizazioari” buruzko atalean aurkeztu zena, urriaren 23an. LMD jalkitze-prozesuan sortutako piezen gainazalaren bilakaera eta banaketa termikoa monitorizatzeko kamera termiko infragorri bat erabiltzeari buruzkoa izan zen ponentzia.

Lan garrantzitsua da egindakoa; izan ere, osagaiak geruzaz geruza 3Dn fabrikatzeko eskatzen diren egonkortasuna eta homogeneotasuna edukitzeko, ager litezkeen ezegonkortasunak konpentsatu behar dira, prozesuaren parametroak egokituta.

Bigarrenean, “Hariaren eta hauts ardazkidearen bidezko laser-prozesuaren ikerketa konparatiboa, Ti-6Al-4V izeneko egituren fabrikazioan” izenekoan, hariaren eta hauts ardazkidearen bidezko prozesuak alderatu ziren, mikroegiturazko kalitatearen, kalitate geometrikoaren, ekarpen-tasen eta sektore aeronautikorako titaniozko egitura berbera fabrikatzeko eraginkortasunaren arloan. Ponentzia hau hilaren 24an aurkeztu zen, “fabrikazio aurreratua eta aerotrend-ei” bideratutako saioan.

Zehaztapen-sistemak

Hilaren 23an, zehaztapen-sistemei buruzko bi ponentzia aurkeztu ziren. “Makina-erremintetan egiaztapen-prozesua eta konpentsazio bolumetrikoa integratzea eta automatizatzea” izeneko ponentzian, makina-erremintan integratutako egiaztapen bolumetriko automatikoa aurkeztu zen, zeinak gaur egungo prozeduren mugak gainditzen dituen, neurketa-sistema bakarra erabiltzen duelako.

Azken ponentziak, “Tornu horizontalen akats termikoak konpentsatzeko sistema” izenekoak, lan baten emaitzak erakutsi zituen. Lan horretan, torneaketa-makinen kokalekuaren zehaztapena areagotzea izan da xedea, eta, horri begira, fabrikatzeko bitarteko zehatzagoak eta denboran egonkorragoak diren prozesuak garatu dira. Proiektuaren beste xedeetako bat, berriz, makinan integratutako prestazioak lortzea izan da.