BUELTATU

PROIEKTUAK

IoT teknologia, nekazaritzako elikagaien industria hobetzeko

Datuak kudeatzeko eta sektorea hobetzeko arkitekturak eta teknologiak

IK4-TEKNIKER Internet of Food and Farm 2020 proiektuan parte hartzen ari da, IoT teknologiak nekazaritzako elikagaien sektorean ezartzeko xedez. IoT arkitekturak industria optimizatzeko xedez aplikatu diren kasuen adibide gisa aurkeztuko da ekimena, Basque Industry 4.0 biltzarraren barruan, azaroaren 20tik 21era.

IoT (Internet of Things) teknologiek 180 graduko bira eman diote gaur egungo ekosistema digitalari. Osasuna, garraiobideak edo "etxe digitala" gisako eremuetan aplikatzeaz gain, inflexio-puntu bat ere badira industria-sektorean. Nekazaritzako elikagaien industriaren kasua da horixe, eraldaketa digitalaren erronkei aurre egin nahi baitie eta teknologia berri hori negozioa oro har hobetzeko giltzarria dela uste baitu.

Katean parte hartzen duten aktoreen kopuru handia eta horien sakabaneta dira nekazaritzako elikagaien industriaren ezaugarri nagusietako bat; hala nola, ekoizleek, banatzaileek, ontziratze-enpresek eta katearen azken katebegia diren kontsumitzaileek hartzen dute parte. Sektorean Internet of Things (IoT) teknolgoiak aplikatzeak hobekuntza handiak ekarri dizkie prozesuei.

Testuinguru horretan, sektorearen produktibitatea areagotzeko, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko eta amaierako produktuaren kalitatea hobetzeko xedez teknologia horiek nekazaritzako elikagaien eremura eraman nahi dituzten ikerketa-proiektuetan sartuta dago IK4-TEKNIKER.

Eremu horretan, konektagarritasuna eta elkarreragingarritasuna kontu giltzarriak dira, hobekuntza-xedeak lortzea ahalbidetzen baitute datuen kudeaketa analitikoaren bidez; adibidez, ekoizpen-prozeesuen kalitatea, eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzen dituzte. Sektorean, ordea, eskaera espezifikoagoak ere badaude; esaterako, trazabilitatea, segurtasuna eta konfiantza eskatzen dituzte datuetara sartzeko eta horiek erabiltzeko orduan, komunikazioa jorratu nahi baita sektorean lan egiten duten aktoreen zatikapenak eta aniztasunak ezaugarritzen duten eremu batean.

Zehazki, IK4-TEKNIKER Internet of Food and Farm 2020 proiektu europarrean parte hartzen ari da, nekazaritzako elikagaien industrian teknologia digitalen erabilera sustatuko duen sistema berritzaile bat eraikitzeko helburua baitu horrek. Proiektuaren esparruan, 19 erabilera-kasu baliozkotzen ari dira; hala nola, arlo hauetan: txerri eta hegazti-haragiaren produkzioan, fruitu eta barazki-laborantzan eta esnekien produkzioan.

IK4-TEKNIKERek gidatzen duen kasua datuak lortzeko eta prozesatzeko plataforma batean oinarritzen da, eta abereen hazkuntza-prozesua aztertzen du, ekoizpenaren askotariko etapak aintzat hartuz, prozesuan hutsuneak eragiten dituzten puntu kritikoak identifikatu eta, horrela, jarduera doitu ahal izateko.

Nekazaritzako elikagaien industrian teknologia digitalak erabiliz gero, hobekuntzak etor daitezke; adibidez, eraginkortasunak, ekoizpenak, kalitateak eta animaliaren ongizateak gora egiten dute, baliabideen erabilera murriztu eta optimizatzearekin batera.

Zentzu horretan, nabarmendu beharra dugu proiektuak zuzenean hobetu ditzakeela hegaztiek abeltegietan edo garraioan duten biziraupen-tasarekin zerikusia daukaten kalitatea eta eraginkortasuna. Halaber, alderdi horiek kontsumo-gizartearen konfiantzan eta segurtasunean duten inpaktua ere garrantzitsua da, kalitatearekin eta eraginkortasunarekin animalien ongizatea hobetzen baita, edo antibiotikoen erabilera murrizten.

“Nekazaritzako elikagaien industrian datuak kudeatzeko eta negozioa hobetzeko arkitekturak eta teknologiak” izenburuaren pean aurkeztuko da lana, Basque Industry 4.0 biltzarraren hurrengo edizioan, Barakaldoko BECen, azaroaren 20tik 21era.