BUELTATU

PROIEKTUAK

Neurri handiko egituren fabrikazio efizientea sektore aeronautikorako

Metalezko hari-ekarpenean oinarritutako LMDa, egitura handiak fabrikatzeko

IK4-TEKNIKERek aurrera egin du hari-itxurako materialen zuzeneko ekarpenaren teknika (Laser Metal Deposition, Wire LMD) ikertzen, eta harago joan da: bere makina fabrikatu du. Basque Industry 4.0 biltzarraren hurrengo edizioan aurkeztuko da garapena.

Fabrikazio gehigarria piezak eta osagaiak fabrikatzeko modua iraultzen ari da, prozesu tradizionalek egin ezin ditzaketen forma eta egitura konplexuak gauzatzea ahalbidetzen baitu materiala (batez ere metala) jalkitzeko teknikak.

Teknika berri horrek ematen dituen aukerei esker, geometria berriak fabrikatu daitezke, baina baita materiala ahalik eta gehien aprobetxatu ere, balio erantsi handiko pieza handiak indartu edota konpontzearekin batera, berriro fabrikatu behar ez izatearen abantailarekin.

Zehazki, metalezko hari-itxurako materiala laser-bala baten bidez zuzenean jalkiz fabrikatzeko prozesuak (Laser Metal Deposition, Wire LMD) etorkizun handieneko teknologiak dira, burdinazko, nikelezko, titaniozko eta aluminiozko aleazioekin egitura handiak fabrikatzeari dagokionez (besteak beste, sektore aeronautikorako fabrikatzen dira egitura horiek).

Materiala zuzenean jalkiz egiten den fabrikazio gehigarriko bestelako teknologia konbentzionalak ez bezala, bero-ekarpena oso lokalizatua da, eta materiala jalkitzeko oinarria nahiz sortzen ari den egitura ia batere ez deformatzea eragiten du horrek.

Metalezko hautsa laser bidez zuzenean jalkitzeko teknikarekin alderatuta (Laser Metal Deposition, Powder LMD), hari bidezko prozesuaren jalkipenaren eraginkortasuna oso handia da: funtsean, ekarritako materialaren %100 biltzen da sortutako egituran. Teknikak, halaber, produktibitate-ratio handiak ahalbidetzen ditu, orduan 4 kg egitera irits baitaiteke. Gainera, propietate mekanikoak hobetzen ditu.

IK4-TEKNIKERek, Wire LMD bidezko ekarpen-prozesua garatzeaz gain, Wire LMD teknikan oinarritutako fabrikazio gehigarriko makina bat diseinatu eta fabrikatu du. Ekipo horrek, gehienez ere, 1900 x 900 x 750 mm-ko egiturak fabrikatu ditzake, orduko 2 kg baino gehiagoko produktibitate-tasetan eta askotariko materialen gainean; bereziki, titaniozko aleazioekin egiten du lan, hutsean eta atmosfera kontrolatuan lan egin ahal duelako, milioi bat oxigenoren bosgarren zatiaren azpitik.

“Egituren fabrikazio gehigarria, metalezko hari-ekarpenean oinarritutako LMD teknikaren bidezkoa” izenburuaren pean aurkeztuko da garapena, Basque Industry 4.0 biltzarraren hurrengo edizioan, Barakaldoko BECen, azaroaren 20tik 21era.