BUELTATU

PROIEKTUAK

Makina-erreminten neurri handien erronka

Makina-erreminten zehaztasuna hobetzeko irtenbideak

Makina-erremintak oso handiak izaten direnez, IK4-TEKNIKER egiaztapen eta konpentsazio bolumetrikoa egiteko teknologia garatzen ari da, gaur egungo prozeduren mugak gainditzeko helburuz.

Egiaztapen eta konpentsazio bolumetrikoaren kontzeptua P. A. McKeown eta J. Loxham-ek sortu zuten, 1973an. Ordutik aurrera, neurketa-prozedura hori modu sistematikoan erabili izan da, hainbat urtez; lehendabizi, koordenatuka neurtzeko makinen fabrikatzaileek erabili zuten, eta, gero, makina-erreminten fabrikatzaileak hasi ziren erabiltzen, makinen zehaztasuna lan-bolumen osoan hobetzeko xedez.

Aldi berean, metodologiak eta, batez ere, metodologia hori gauzatzea ahalbidetzen duten neurketa-sistemek nabarmen egin dute aurrera, gaur egun erabiltzen diren irtenbide sendoak eskaini diren arte.

Alabaina, makina-erreminten neurriak zenbat eta handiagoak izan, orduan eta zailagoa da horien geometria eta bolumena zehatz-mehatz egiaztatzea. Testuinguru horretan, tradizionalki erabili izan diren eta erabiltzen diren neurketa-sistema zuzenek (hala nola, interferometriak, elkarzutasun-patroiek edo maila elektronikoek) ez dute makina-erremintaren geometriaren ikuspegi osoa ematen; izan ere, ez dute bermatzen sektore industrial zorrotzek (adibidez, sektore aeronautikoak) ekoizpen-inguruneko lan-bolumen guztirako eskatzen duten zehaztasun handia.

Prozedura horien mugak gainditzeko, neurri handiko makinen egiaztapen eta konpentsazio bolumentrikoari zuzenduta dagoen eta denboran bilakaera izan duen teknologia ari da garatzen IK4-TEKNIKER.

Lehenik eta behin, zentroak egiaztapen bolumetrikoko irtenbide propioa garatu zuen, software propio bat garatuz eta laser tracker teknologia nahiz maila elektronikoak erabiliz.

Lehenengo sistema sortu ondoren, egiaztapen-irtenbide azkarrago baterantz egin zen aurrera, zenbait neurketa-sistema aldi berean konbinatuz eta erabilitako denbora %75 murriztuz. Alabaina, hurbilketa hori ez da ekonomikoki bideragarria, aldi berean lau neurketa-sistema erabiltzeak kostu handia baitakar.

Azkenik, egiaztapen-prozedura alderantzikatu da, eta makina-erremintan integratutako egiaztapen bolumetrikoaren kontzeptua garatu, gaur egungo prozeduraren mugak gaindituz eta neurketa-sistema bakarra duen irtenbide %100 automatikoa prestatuz.

IK4-TEKNIKERek Fabrikazio Aurreratuari eta Makina-Erremintei buruzko Biltzarraren XXII. edizioan aurkeztu zuen irtenbide hau, Gipuzkoako Teknologia eta Zientzia Parkean, 2019ko urriaren 23tik 25era bitartean, “Egiaztapen eta konpentsazio bolumetrikorako prozesua makina-erremintarako integratu eta automatizatzea”.