BUELTATU

ALBISTEAK

Elkarlaneko robotika, aeronautikako inspekzio-lanetarako

Tekonologia robotikoa eta ultrasoinuen teknika aurreratuak txertatzea

IK4-TEKNIKER buru izan da osagai aeronautikoak ultrasoinuen bidez ikuskatzeko elkarlaneko irtenbide baten garapenean, zeina datorren Basque Industry 4.0 biltzarrean aurkeztuko den azaroaren 20tik 21era bitartean.

Hegazkin iraunkorragoen aldeko apustua egiteko beharrak, ingurumenean ondorio gutxiago dutenak, material konposatuak erabiltzea eskatzen du, eta horiek, aldi berean, azterketak beste era batera egitea eskatzen dute. Gaur egun industria aeronautikoak kalitate-betekizun zorrotzak dituenez, piezak suntsitzen ez dituzten ikuskapen-teknika sofistikatuak abiarazi behar dira; besteak beste, ekoizpen-prozesuen eraginkortasunean eta kostuan eragiteko.

Prozesu horiek optimizatze aldera, IK4-TEKNIKERek CRO-INSPECT proiektu europarra gidatu du hegazkinaren aleroien ikuskapena hobetzeko xedez, eta, horri begira, elkarlaneko robotika eta ultrasoinuen teknika aurreratuak txertatu ditu.

Proiektua 2016ko irailean abiatu zen, eta 2019ko abuztura arte luzatu da. Bada, SAAB osagai aeronautikoak fabrikatzen dituen enpresak planteatutako betekizunetara bildu du gogoa, orain artean bere osagaietan egiten zituen ikuskapen-prozesuak optimizatzeko premia ikusi baitu azken horrek.

Hala, osagai aeronautikoak (aleroiak) ultrasoinuen bidez ikuskatzeko prozesua garatzea izan da CRO-INSPECT proiektuaren xedea, ikuskapenak osagaiak suntsitu ez ditzan, eta, horretarako, plataforma mugikor autonomo batean kokatutako elkarlaneko robot bat sortu da, ultrasoinuak kontrolatuko dituena.

Elkarlaneko robotikaren abantailak

Horrela, sistemaren malgutasuna eta eraginkortasuna hobetzen dira, eta robota teknikariarekin batera egotea eta harekin elkarlanean jardutea ahalbidetzen da. Langileak, halaber, paraleloan lan egin dezake, eta, are, eskuzko lanak egin, robotak berak lagunduta. Robotak indarraren kontrola eta ikuspen artifiziala erabiltzen ditu ikuskatu beharreko gainazalaren gainean ultrasoinuen sentsoreak jartzeko prozesuan.

Basque Industry 4.0 biltzarraren hurrengo edizioaren erakusketa-gunean erakutsiko dira emaitzak, azaroaren 20an eta 21ean, Barakaldoko BECen.