BUELTATU

ELKARRIZKETA

"Gure plan estrategikoak argi jasotzen du berrikuntza egiteko beharra"

Eneko Astigarraga,
CodeSyntaxeko gerentea

Eneko Astigarragak CodeSyntax zuzentzen du, euskal ETE txiki bat, Eibarren dagoena eta interneten 10 urte baino gehiagoko esperientzia duena. Softwarean espezialistak dira, bilatzaileetan posizionatzeko lanak egiten dituzte, aitzindari dira Web 2.0 motako proiektuetan, eta aholkularitza-zerbitzuak ematen dituzte datu irekien, sare sozialen eta interneteko komunikazioaren alorretan. Elkarrizketa honetan, IK4-TEKNIKERekin zer elkarlan egiten duten azaltzen du Astigarragak, baita berrikuntzak ETE bati zer erronka ezartzen dion ere.

1.- CodeSyntax eredu dugu ETE batean berrikuntza sartzeari dagokionez. Nola egin liteke berrikuntza 15 laguneko enpresa batean?

Esango nuke berrikuntza CodeSyntaxen DNAn dagoela, oinarri teknologikoko enpresa bat eta ETE berritzaile bat garelako, baina, gainera, IKTen eta interneten sektorean, hots, gure sektorean, eta, hedaduraz, sektore guztietan, berritzea ezinbestekoa da gaur egun.

Normalean, gure jarduera nagusiarekin lotutako I+Gko proiektu nazionaletan eta nazioartekoetan hartzen dugu parte, garapena egiten duten taldeetan, hain zuzen ere.

2.- Zuen enpresak teknologia berrien inguruan egiten du lan, hots, berrikuntzarako ingurune egoki batean. Lehiarako zer abantaila dakar horrek?

Gu gabiltzan ingurunea eta sektorea hain dinamikoak eta aldakorrak izanik, lehiarako oinarri-oinarrizko abantaila-iturria dugu berrikuntza, berez; abantaila horrek eusten dio sektorean eta merkatuan lehiatzeko dugun posizioari. Alegia, ezin dugu sortu berrikuntzan oinarritzen ez den lehiarako abantailarik.

Izan ere, gure sektorean, enpresa aldaketei adi egotea da ibilbide luzea duen lehiatzeko abantaila bakarra; aldaketak garaiz hauteman behar ditu, malgua izan behar du eta berrikuntzak etengabe barneratu, egokitu eta, are, sortu behar ditu.

3.- Gertatu programaren bidez, IK4-TEKNIKERen laguntza jaso du CodeSyntaxek, zaintza teknologikoko proiektu bat garatzeko. Zertan datza proiektua?

IK4-TEKNIKERekin batera garatu dugun proiektuan, CodeSyntaxen egiten genituen zaintza teknologikoko lanak —lehen esan dudanez, garrantzitsuak dira IKTen arloko berrikuntza eta aldaketei adi egoteko— ebaluatu, berrantolatu eta sistematizatu egin ditugu.

Alde horretatik, azpimarratzekoa da IK4-TEKNIKER zentro teknologikoaren egiaztapena eta ekarpena, haiei esker hobetu egin baititugu gure zaintza-prozesuak. Kanpoko norbaitek eta, bereziki, IK4-TEKNIKEReko adituek gure lana ebaluatzeak eta analizatzeak ondo egiten genuena berresteko, errore batzuk hautemateko eta zuzentzeko eta prozesua sistematizatzeko balio izan digu.

4.- Zure ustez, zer paper jokatzen dute zentro teknologikoek enpresa txikiei balioa eransteko orduan?

Iruditzen zait bai zentroen egiturak eta sareak eta bai haietan lan egiten duten profesionalek erants diezaguketela balioa hainbat ikuspuntutatik, hala nola: nazioarteko nahiz sareko loturek, une jakin batean teknologia edo jakintza jakin bat eskura izateko; haiek lan egiten duten alorretako aldaketen eta joeraren zaintzak, berrikuntzarekin lotutako jarduera-lerro berrietan parte hartzeko proposamenak egiteko eta arazo jakinak konpontzeko. Seguru nago, gainera, izan daitezkeela beste ekarpen batzuk ere.

5.- Zer erronkari egin behar die aurre CodeSyntaxek etorkizun hurbilean, eta zer neurritan lagunduko dio berrikuntzak enpresaren balio-kateari?

CodeSyntaxen erronka nagusiak dira pertsonei, erakundeei eta enpresei zuzenduak dauden interneteko aplikazioen alorreko gure soluzio, produktu eta zerbitzuak hobetzea, geure produktuak sortzea eta, maila globalean arrakasta duten aplikazio aurreratuak sortuz, nazioarteratzea. Gure sektorean aukera berriak ekarriko dituzten alorrak dira, esate baterako, mugikortasuna eta internetekin erlazionatutako gailu berriak, nonahikotasuna, hodeia, big data, datu irekiak, osasun-zerbitzu elektronikoak, merkataritza elektronikoa, administrazio elektronikoa, etab., denbora erreala, gauzen Internet, hiri adimendunak eta fabrika adimendunak.

Hala, gure plan estrategikoak argi jasotzen du berrikuntza egiteko beharra, bai pertsonei dagokienez, teknologiaren eta konpetentzien ikuspegitik, eta bai bezeroen ikuspegitik, gure produktu eta zerbitzuetan berrikuntza etengabe sartuz. Horregatik, lehenago esaten nuenez, aspalditik hartzen dugu parte aukera hori ematen duten I+Gko proiektuetan, bai Espainian, bai nazioartean.