BUELTATU

PROIEKTUAK

Eguzki-energiaren ekoizpenaren kudeaketa adimendunago baterantz

Eguzki-instalazioetako mikroinbertsoreetan oinarritutako kudeaketa-plataforma bat garatzea

IK4-TEKNIKER, Masermic-ekin batera, eguzki-energiaren ekoizpena eraginkortasunez eta malgutasunez kudeatzeko sistema oso bat garatzen ari da. Eguzki-panel guztietan instalatuak dauden korronte-mikroinbertsoreak kudeatzeko plataforma bat integratzean datza proiektua, hala sistema osoaren kudeaketa adimenduna egitea lortzeko.

Energia fotovoltaikoak bide luzea egin du bere hastapenetatik gaur egunera arte, bai potentziari eta estaldurari dagokienez, bai prezioari eta lehiakortasunari dagokienez. Gaur egun etxeko eta enpresetako kontsumoaren ehuneko handi baten iturria da.

Energia-iturri horren garapenak ekoizpen-prozesuko xehetasun guztiak gero eta sofistikatuagoak izatea ekarri du. Horregatik, teknologia horrekin erlazionatutako produktuetako bati balioa eman eta lehiakortasuna irabazteko asmoz, IK4-TEKNIKERera jo zuen Masermic gipuzkoar enpresak.

Panel fotovoltaikoek sortzen duten eguzki-energia inbertsore bati lotzen diote normalean instalazioek. Inbertsoreek korronte zuzena korronte alterno bihurtzen dute, energia eraginkorrago garraiatzeko.

Masermicek bazuen plan bat sistema hori eraldatzeko: zenbait panel inbertsore bati konektatu beharrean, mikroinbertsoreak erabiltzea (ohiko gailuak baino txikiagoak) eta panel fotovoltaiko guztietan bat jartzea, haietan ekoitzitako energia sare elektrikoan txertatzeko. Soluzio horrekin, sistema malguagoa da, instalazioa errazagoa, eta ekoitzitako energia hobeto kontrolatzen da; beraz, eraginkortasun handiagoa lortzen da.

Proiektu horretan, Euskadiko zentro teknologikoak osorik diseinatu eta garatu du SWS500 komunikazio-pasabidea. Pasabide horrek, urruneko monitorizazio-interfaze baten bidez, eguzki-instalazioko elektrizitatearen ekoizpen-sistema osoa eraginkorrago eta zehazkiago kontrolatzeko balio du. Komunikazio-pasabidearen eta mikroinbertsoreen arteko komunikazioa kable elektrikoen bidez (PLC – Power Line Communications).egingo da.

Zentro teknologikoko adituen ustez, oso berritzailea da panel fotovoltaiko berriak beren mikroinbertsore eta guzti instalatzeko soluzioa, eta oso bizkor zabaldu liteke. Sistema horri proiektu honetan garatutako urruneko kudeaketa gehitzen bazaio, nabarmen egingo du gora proiektuak Marsemicentzat duen balioak. Soluzio honekin, energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioen kudeaketa hobetzen da.