BUELTATU

ALBISTEAK

Eibarko ETE-ek berrikuntzarekin bat egin dute

ETEak berrikuntza teknologikoak ezartzen ari dira Gertatu programari esker

Gertatu programak, Eibarko Udalak bultzatuta, erronka teknologikoak identifikatzen eta lehiakortasuna hobetzen laguntzen die enpresei.

Eibarko enpresa-sarean ekosistema ekintzaile eta berritzaile berri bat sortzea da Gertatu programaren helburu nagusia. Eibarko Udalak sustatzen du programa hori, eta IK4-TEKNIKERek aktiboki hartzen du parte, kide teknologiko gisa.

Ekintza honetan, Eibarren dauden eta 50 langile baino gutxiago dituzten enpresatan azterketa teknologikoak egiten ari da zentro teknologikoa, beren erronkak identifikatzen laguntzeko eta lehiatzeko abantaila lortzen saiatzeko behar duten bultzada teknologikoa emateko.

Hauek dira programa horren inguruak enpresek IK4-TEKNIKERekin batera egin dituzten proiektu nabarmenenak:

AIBE SA: diseinuaren estandarizazioa

Aibe enpresak, 30 langilerekin, erremintak diseinatzen eta ekoizten ditu, eta doitasun handiko piezak mekanizatzen ditu, aeronautikaren, makina-erremintaren eta automobilgintzaren sektoreetarako, besteak beste.

IK4-TEKNIKERekin batera egin duen lanean, produktu-lerro bat berrikusi dute (erreminta hidraulikoak), diseinu-prozesuaren denbora eta kostua murrizteko eta erreminta horien fabrikazio- eta muntaketa-kostuak zuzenean murrizteko. Hala, bezeroari ematen dion erantzuna hobetzeko ahalegina eginez, lehiakorragoa izango da Aibe.

INDUSTRIAS PAMPO SL: ekoizpen-instalazioaren erabilgarritasuna handitzea

Pampo enpresak askotariko malgukiak ekoizten ditu alanbretik, automobilgintzarako, energia berriztagarrietarako, linea zuriko etxetresna eta sukaldeko ontziteriarako, sarrailagintzarako, makina-erremintarako nahiz ontzigintzarako. Pampok 27 langile ditu, gaur egun.

Errentagarritasuna hobetzeko ekoizpen-instalazioan zer hobetu behar den identifikatzea izan du helburu lankidetzak.

“IK4-TEKNIKERen laguntzari esker eta egindako segimenduari esker, erreminten kodeketa hobetu da, materialaren barne-fluxua hobetu da eta CNC programen kontrola bermatu da”, esan du Ander Ormaetxea Industrias Pampoko gerenteak.

URKOTRONIK SA: negozio-ereduaren berrikuspena

Urkotronik, 22 langilerekin, vending enpresa bat da, eta 30 urtetik gorako esperientzia du saltzeko makinak eta ostalaritzakoak saltzen.

IK4-TEKNIKERen esku-hartzearekin, biltze- eta trinkotze-sistema baten bidez egiten den ontzien bilketa selektiboaren negozioa berrikusi nahi izan dute.

“IK4-TEKNIKERen laguntzarekin, Urkotroniken bertan martxan jarri nahi dugun ekimen berri baten negozio-ereduaren hasierako azterketa sendotu dugu”, esan zuten enpresakoek.

NEURTEK SA: zaintza teknologikoaren eta lehia-adimenaren ezarpena

Materialak ikertzeko eta haien kalitate-kontrola egiteko konponbide teknikoetan espezialista da Neurtek. Hemezortzi langile ditu, eta Espainiako estatuan ez ezik, nazioartean ere jarduten da.

Zaintza teknologikoko eta lehia-adimeneko sistema bat ezartzeko oinarriak jarri dira proiektu horretan, inguruko informazioa aztertzeko eta erabakiak arrisku gutxiagoz hartzeko lagungarri izan dakien.

CODESYNTAX SL: zaintza teknologikoaren diagnostikoa eta funtzio horretarako zenbait proposamen

CodeSyntax enpresak 15 langile ditu, eta hau du eginkizun nagusia: nazioarteratze- eta lokalizazio-zerbitzuen bidez, benetako esperientzia global bihurtzea internet.

CodeSyntaxen egun egiten den zaintza teknologikoaren prozesuaren eta sistematikaren diagnostikoa eta proposamen bat egitea izan da lankidetzaren helburua.

“IK4-TEKNIKERekin elkarlanean arituta, CodeSyntaxen zaintza teknologikoko sistema hobetu dugu, eta sistema hori funtsezkoa dugu gure alorrean, IKTen eta interneteko aplikazioen alorrean, oso aldakorra baita”, esan du Eneko Astigarraga CodeSyntaxeko gerenteak.

Horrenbestez, Gertatu programaren bidez, enpresa txikiak direlako eskura izango ez lituzketen proiektuei ekin ahal izan diete enpresek, eta berrikuntzak ezarri dituzte espezialisten laguntzarekin.