BUELTATU

ALBISTEAK

Arrakastatsua izan da SKFn egin den "Turbina eolikoen mantentze-lan prediktiboa" jardunaldia

Turbina eolikoen mantentze-lan prediktiboari buruzko dibulgazio-jardunaldia

José Luis Santosek (SKF) inauguratu zuen jardunaldia, non eolikaren sektoreko profesionalak bildu baitziren turbina eolikoen mantentze-lan prediktiboarekin lotutako alorretarako merkatuan dauden irtenbide berrienak aztertzeko. Jardunaldia amaitzeko, SKFren instalazioak bisitatu ziren.

Azaroaren 4an, Solution Factory egin zen SKFn, errodamenduak, zigiluak, lubrifikazio-sistemak, mantentze-lanetako produktu eta sistemak eta abar diseinatzen eta saltzen dituen eta mundu mailan erreferentzia den enpresan. 50 lagun baino gehiagorekin, bete egin zen Solution Factory jardunaldia.

Parte hartu zuten guztiak (eolikaren sektoreko enpresetako arduradunak, hala nola Gamesakoak edo Enelekoak) joan ziren "Turbina eolikoen mantentze-lan prediktiboa" dibulgazio-jardunaldira; Lubrication Management - IK4-TEKNIKERek eta SKFk egun horretarako antolatu zutenera, hain zuzen.

José Luis Santosek (SKF) egin zien ongietorria bertaratu zirenei, eta jardunaldian landuko ziren gaien berri eman zuen; adibidez, turbina eolikoen lubrifikazioaren kudeaketa eta erabakiak hartzeko datuen tratamendua, errotoreko errodamenduen koipearen laginketa, etab.

Hitzaldien txanda iritsi zenean, Jesús Terradillosek, Lubrication Managementeko Zerbitzu Teknologikoen zuzendariak "Aerosorgailuetako errodamenduen koipearen laginketa adierazgarria ASTM-7718/11 arauaren arabera" txostena aurkeztu zuen. Ondoren, Mariano Antónek (SKF) "Mantentze-lanen optimizazioa lubrifikazio automatikoaren bidez" txostena aurkeztu zuen, eta Jesús Terradillosek, berriz, bere bigarren txostena, "Errodamenduen egoerak koipe-analisiaren bidez monitorizatzea".

Bestalde, Francisco Voyerrek (SKF) "Lubrifikazioaren egoera emisio akustikoko teknologiaren bidez" lana aurkeztu zuen, eta, amaitzeko, Jorge Alarconek (Lubrication Managementeko ikertzaile eta aholkularia) "Datuak analizatzea eta tratatzea, biderkagailuetan akatsak garaiz detektatzeko" txostena azaldu zuen.

Bi erakundeek indarrak bateratu zituzten jardunaldi honetarako. Lubrifikazio-sistemetan errodamenduek denboran zehar duten portaera kontuan hartuta egin daitezkeen hobekuntzen ingurukoa izan zen SKFren ekarpena. Lubrication Managementek, berriz, koipeen analisian oinarrituta errodamenduen egoera monitorizatzea eta, hala, aerosorgailuetako errodamenduetan ekintza zuzentzaileak egitea edo ez egitea erabakitzea izan zituen gai nagusi.

"Guretzat plazera izan da SKF Solutionsen moduko enpresa batekin jardunaldi hau antolatzea" esan zuen Jesús Terradillosek, Lubrication Managementeko Zerbitzu Teknologikoen zuzendariak. "Jardunaldi honetan eolikaren sektoreko mantentze-lan prebentiboen inguruko informazio interesgarria zabaldu dela espero dugu, baita sektoreko profesionalen arteko eztabaida-foro interesgarri bihurtu dela ere".

Jardunaldia goizeko 9:30ean hasi zen, eta 15:00etan amaitu; mokadutxo bat hartzeko atsedenaldi bat egin zen tartean, eta, amaitzeko, SKF Solution Factoryren instalazioak bisitatu ziren.