BUELTATU

ALBISTEAK

Atten2 merkatu berrietan jarduten hasiko da

Industria-sektore berrietara zabaltzeko estrategia

Eibarko Atten2 enpresak, fluido eta lubrifikatzaile industrialak neurtzeko lineako sentsore optikoen garapenean espezializatuta dagoena, zabaltzeko estrategia bati ekin dio industria-sektore berrietan jarduten hasteko.

Atten2 enpresa gipuzkoarrak prestazio altuko sentsoreak diseinatzen eta fabrikatzen ditu, prozesu industrialetan ekipamenduaren funtzionamendua monitorizatzen dutenak olio lubrifikatzaileak neurtuta. Teknologia berritzaile honi esker, egon litezkeen akatsak aldez aurretik hauteman daitezke, eta beraz arriskuak gutxitzen dira.

2012an sortutako mikroETEa haize-energian eta aerosorgailuetan erabiltzen diren fluidoen monitorizazioan zentratu zen, era harrera bikaina izan zuen. Enpresak estrategikoki hautatu zuen sektore hori, aukera ematen baitzuen bere teknologien ahalmena modu nabarmenean areagotzeko eta enpresa merkatu zein erabilera berrietara zabaltzeko.

Haize-energiaren sektorean izandako arrakasta dela eta, enpresako arduradunek bide berriari ekitea erabaki zuten joan den urtean, enpresaren teknologia gaitasun handiko sektoreetan erabiltzen hasteko, hala nola, automobilgintzan edo robotikan. Esperientziak frogatu du Atten2 enpresaren sentsoreak oso sentikorrak direla eragiketaren baldintzen aldaketen aurrean, eta horrek makinaren errendimendua neurtzea ahalbidetzen du higadurari eta akats-moduei lotuta.

Zabaltzeko estrategia berria lagungarria izan da enpresaren bezeroak areagotzeko eta epe luzera negozio-eredu iraunkorra ezartzeko dituen aukerak ugaritzeko.

Dibertsifikazio honek ateak ireki dizkio herrialde eta merkatu berrietara. Automobilgintzako zein energiaren sektoreko mundu osoko enpresa entzutetsuak Atten2 enpresaren teknologia erabiltzen hasi dira fabrikazio-prozesuetan. 

Enpresa gaztearen etorkizuna kapital-gehikuntzarekin sendotu da, bata 2015ean eta bestea 2016an. Horien bidez enpresa garrantzitsuak bilakatu dira Atten2 enpresaren akziodun, besteak beste, Iberdrola, CDTI (Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa) eta Bigarren Aukera. Lorpen hauei esker, enpresak babes nahikoa jaso du negozio-unitate berrietan jarduten hasteko erronkari aurre egin ahal izateko.

OilWear 2.0

Atten2 sektore berrietara zabaltzeaz gain, bere produkturik ospetsuenaren bertsio hobetua prestatzearen aldeko apustua ere egin du enpresak, alegia, OilWear. Gailu sentsore hori azken aurrerapen teknologikoekin hornituta dago eta aurrekoaren gaitasuna hobetzen du. Besteak beste, neurtzeko ahalmena, prozesatze abiadura eta sistemaren sendotasuna hobetzen ditu.

OilWear 2.0 gailua merkatuan dauden beharrei erantzuteko eta sentsoreen teknologiak ekar ditzakeen aukerei heltzeko garatuko da.

Hau da Atten2 enpresaren apustua etengabe hobetzeko eta I+Gko proiektu teknologikoak aurrera eramateko gai dela frogatzeko.