BUELTATU

ALBISTEAK

Inkrustazioen aurkako estalduren eraginkortasuna neurtzeko ekipo bat

Azal batek uretan irristatzen denean sortzen duen marruskadura neurtzen du tribometroak

Inkrustazioen aurkako estaldura baten eta itsasoko uraren arteko marruskadura neurtzeko ekipo bat ari da garatzen IK4-TEKNIKER. Ekipamendu horri esker, estaldura iraunkorragoak, eraginkorragoak eta ingurumenarekin begirunetsuagoak diseinatzeko orduan aurrera egin ahal izango du zentro teknologikoak.

Antifouling edo inkrustazioen aurkako estaldurak margoak dira, itsasoko organismoak (fouling-ak) itsasontzietako kroskoetara itsastea saihesten dutenak. Horrela, ontziaren eta itsasoko uraren arteko marruskadura-indarra, erregai-kontsumoa eta CO2 igorpenak murriztu daitezke.

Gauzak horrela, drag friction izeneko tribometro bat diseinatzen eta garatzen ari da IK4-TEKNIKER, estaldura mota horien marruskadura-koefizienteak ebaluatzen baititu.

Azal batek fluido batean (ura zein airea izan daiteke) irristatzen denean sortzen duen marruskadura-indarra definitzen du drag friction terminoak. Narriadura-baldintza oso gogorren eraginpean daude itsasoan lan egiten duten materialak, gatz eta bakteria ugari baitago bertan. Inguruabar horrek areagotu egiten du mikroorganismoak itsasteko aukera, eta, ondorioz, baita urarekin sortzen den marruskadura ere.

Itsasoan irristatzen denean ontziaren kroskoan sortzen den zimurdura eta sortzen den energia aztertzen ditu zentro teknologikoak garatu duen soluzioak, marruskadura-koefiziente baxuenak dituzten estaldurak detektatzeko xedez.

Fluido ezberdinekin lan egiteko gai da drag friction, bai eta ontzien abiadura-maila guztiak simulatzeko gai ere. Deseinu irekia da, eta bezero bakoitzak eskatzen dituen baldintzetara egokitutako entseguak egin ditzake horrekin zentroak. Gainera, motorraren bibrazioek bihurdura-neurrietan duten eragina isolatzen du, egun dauden soluzioak hobetuz horrela.

Ekipamendu horri esker, antifouling-estaldura berri iraunkorragoak, eraginkorragoak eta ingurumenarekin begirunetsuagoak diseinatzen ari da IK4-TEKNIKER.