BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

2020ra begirako abiapuntu onena

Espezialistaren ikuspegia:
Alex Bengoa, IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusia

Alex Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak balantze positiboa egin du zentroaren azken hiru jarduera-urteen gainean. Eszenatoki horixe da abiapuntu onena IK4-TEKNIKERek 2020rako Plan Estrategikoa garatu dezan eta kokapen estrategikoa, prestigioa eta emaitza ekonomikoak hobetzea lor dezan.

Aurreko ekitaldiak amaitu zuen IK4-TEKNIKERen azken aldi estrategikoa, zeina funtsezko zenbait mugarrik markatu duten: alde batetik, ziurgabetasunez jositako paradigma nabarmendu duten ekonomia-krisia eta globalizazioa eduki ditugu, baina, bestetik, askotariko aukerak ugaltzea ekarri du eszenatoki horrek, eta aukera horiek kokaleku ezin hobean jarri dute zentroa, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izan diezaien.

Eremu makroekonomikoan asaldurak bizi izan diren arren, azken Plan Estrategikoaren balantzea positiboa izan da, eta halaxe bermatzen dute zifrek. IK4-TEKNIKERen diru-sarrerak %8 hazi dira aldi horretan, eta %7n handitu ahal izan du langileen kopurua. Gainera, Erakunde Laguntzaileen taldea ere handitu egin da, garrantzi handiko 8 enpresa berri (Egile, iLine, Maier, Ona ElectroerosiĆ³n, Pasaban, Ulma Handling Systems, Zayer eta Juaristi) sartu baitira 2017ra bitartean. Bada, 2020rako esparru estrategiko berriak talde hori haztea sustatuko du.

Zentroko azken balantze ekonomikoei esker, datozen urteetan erronkei aurre egiteko oinarri ezin hobea eratu ahal izan da. 2020rako, kontratupeko I+G+b-ren fakturazioa handitzea da xede nagusia. Helburu hori lortzeko, merkataritza-jarduera indartuko du IK4-TEKNIKERek, eta aktibo teknologikoen ustiapena sustatuko. Bestalde, enpresa ertain eta txikiekiko hurbilketa espezifikoa sendotzeko egingo du lan zentroak, eta teknologia transferentziarako taldea indartuko du, indar handiagoz eta baldintza hobeetan irits dadin merkatura eta, azken batean, gure misioa gehiago eta hobeto bete ahal izan dezan.

Asmo handiko xedeak dira, eta horietako bat bera ere ezin daiteke lor erakundeen, Enpresa Laguntzaileen eta bezeroen laguntzarik gabe. Eta, jakina, lan hori ez litzateke posible izango zentroa osatzen duten pertsonak eta modu batera edo bestera IK4-TEKNIKERekin elkarlanean aritzen diren pertsonak gure artean eduki gabe: guztiei egin nahi diet aitortza, eta eskerrik beroenak eman.

Emaitza horiek dira IK4-TEKNIKERek Plan Estrategiko berriari baikortasunez aurre egin diezaion egon daitekeen abal onena, plan horrekin dena emango baitu berriro, euskal industria- eta ekonomia-ehundurari laguntzeari eta industria-enpresen lehiakortasuna hobetzeari begira.