BUELTATU

PROIEKTUAK

Pertsonen balioa, arrakastaren giltza

Pertsonak, zentroaren helburuak lortzeko funtsezko oinarria

IK4-TEKNIKEReko Pertsonak eta Antolakuntza saileko zuzendari Mercedes Ajak pertsonen aldeko apustua egiten du, motibazioa eta lidergoa areagotuta.

IK4-TEKNIKERen 2020rako plan estrategikoaren 5 jarduera-ildoetako batek “pertsonarik onenak” lortzea du helburu. Ez da lehen aldia estrategia formulatzeko orduan pertsonentzako tokia uzten dugula. Ezagutza ugariko erakundea gara, beharbada beste erakunde batzuek baino gehiago. Hori dela eta, rol guztiz garrantzitsua dute IK4-TEKNIKEReko lantaldea osatzen duten pertsonek. Pertsonek ere laguntzen dute zentro teknologikoaren bikaintasuna eta lehiakortasuna lortzen. Beharbada, pertsonei esker lortzen da.

Beraz, zer esan nahi du pertsonarik onenak lortzea? Nola lortuko ditugu pertsonarik onenak? Nola jakin dezakegu pertsonarik onenekin lan egiten dugun?…

Jakina, “pertsonarik onenak lortzeaz” hitz egitean ez gara giza kalitateaz ari, baizik eta egiten duten lanaz: ongi egindako lanarekin du zerikusia, IK4-TEKNIKERen egiten den lan kolektiboan ahalik eta ekarpen handiena egitearekin. Hori lortzeko hainbat alderdi konbinatu behar dira, eta zentroak horietan arreta berezia jarriko du datozen urteetan: talentua erakartzea, langileak prestatzea, motibazioa areagotzea eta lidergoa hobetzea.

Baina emaitza horiek lortzea ez da erraza. Lan-merkatua suspertzearen ondorioz, trebakuntza handiko langileak eskatzen dira etengabe eta lan-eskaintzak merkatuan dagoen talentua gainditu du, batik bat zentroarentzako bereziki garrantzitsuak diren espezialitate batzuetan. Hori dela eta, IK4-TEKNIKER eskura dituen elementu guztiez baliatu behar da erakunde enplegatzaile erakargarria izateko, langileak erakarri eta konbentzitzeko gai izateko.

Horrez gain, aukera gehiago eman behar diegu egun zentroan diharduten eta etorkizunean gurera etor daitezkeen langileei teknikari, kudeaketari, harremanei eta emozioei lotutako gaitasunak hobetzeko. Paradigmak aldatzen dira, teknologiek eboluzionatu egiten dute (batzuk iraultzaileak dira), lana automatizatzen da... Horri guztiari egokitzeak ez du esan nahi bizirik irauten saiatzea, baizik eta egoera berriari aurre egiten jakitea, testuinguru berri horretan haztea eta bizitzea. Horretarako prest egotea lagungarria izango da emaitzak azkarrago lortzeko eta erronka berriei aurre egiteko. Etorkizunera begira aukerak eskaintzea ez da aukerakoa, baizik eta pertsonarik onenak gurekin gera daitezela lortzeko oinarria. Pertsonei profesionalki, hau da, pertsonalki hazteko aukera eman behar zaie. Eta gogoan izan behar dugu talentua garatzeko egiten dugun inbertsioak pertsonak laneratzen lagundu behar duela, langileak ezin baitira betiko atxiki. “Bizitza osoan enpresa berdinean lan egitea” iraganeko kontua da.

Etengabe eraldatzen eta garatzen ari den ingurunean bizirik irautea ez da nahikoa, ezta erakargarriak izatea edo langile gaituak izatea ere, baina ez da gutxi. Segur aski, denok ezagutzen ditugu hasieran nabarmendu ez arren arrakasta handiak lortu dituzten langileak, lider egoki baten agintepeari esker (baita kontrako kasuren bat ere). Esate baterako, kirolaren esparruan hainbat adibide aurki ditzakegu. Peter F. Druckerrek, XX. mendeko management delakoaren sortzaileetako batek, zera esaten zuen: “Lider baten zereginik handiena bere energiaz arduratzea da, eta gero bere inguruan daudenen energia antolatzen laguntzea”. Lidergo egokia egotea funtsezko oinarrietako bat da pertsonarik onenak aurkitzeko. Langileen eskakizunak entzutea, komunikazio gardena eta feedback-a lagungarriak dira lidergoa irmotzeko eta pertsonek egiten duten ekarpena hobetzeko. Taldeko pertsona guztien banakako motibazioak ezagutu eta haien eskakizunak entzun behar dira. Informazioa garaiz eta modu argian eman behar da; langileek aldi oro haiengandik zer espero den eta haien lanak zer ondorio dituen jakin behar dute; eraginkortasunez lan egin behar dute, akatsetatik ikasita eta lan kolektiboan egiten duten ekarpena hobetuta. Hortaz, “inguruan daudenen energia antolatzen laguntzeak” langile bakoitzak jotzen duen musika (lana eta motibazioak) entzutea eta feedback-a ematea eskatzen du, soinu eta musika-tresna berriei (ikuspuntuak) tokia uzteko. Eta taldea bere osotasunean koordinatu behar da emaitza harmonikoa edo sinfonia bat (erdietsi nahi diren helburuak) lortu arte.

Konparazio musikal honekin jarraituz, segur aski abesbatza baten emanaldi bat entzungo zenuen noizbait. Pentsatu nola izango litzatekeen ahotsak edo soinuak banaka edo garaiz kanpo entzutea. Emaitza ez litzateke berdina izango, ezta? Eta abeslariak banaka hartuz gero, baliteke solista bikainak aurkitzea, edo baten batek tonua galtzea. Pertsona bakoitzak bere ekarpena egin behar du taldean, berak dakiena ahalik eta ondoen eginda eta talde osoaren emaitza hobetzen saiatuta. Denak ez dira solistak, eta denek ezin dute tonua galdu. Pertsonen askotariko gaitasunei eta horien guztien osagarritasunari esker, emaitza harmonikoa lortzen dugu. Testuinguru honetan, pertsonarik onenek emaitza globala hobetzen saiatzeko konpromisoa hartzen dute, eta sinfonian eta txalotzean parte-hartzeari esker pizten dira ilusioa, motibazioa eta erakundearen zati garrantzitsu bat izatearen sentimendua.

Laburbilduz, 2020ra begira, “pertsonarik onenen” ildo estrategikoak enfasi berezia jarri beharko du erakarri, gaitu, lider, komunikatu eta erantzunkidetasun hitzak deklinatu edo jokatzean. Aditzak aginteran edo baldintzan erabili ordez gerundioan erabiltzea lagungarria izango zaio IK4-TEKNIKERi Plan Estrategikoan zehaztutako helburuak lortzeko.